Bilboko Udalak zazpi emakume migratzaile saritu ditu asteazken honetan "eskubideen defentsan egindako ibilbide luzearen, esperientziaren eta inplikazio pertsonalaren aitorpen" gisa 'Bilboko Emakume Migratzaileen Aintzatespena' ekimenaren laugarren edizioaren barruan. Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia izan da ekitaldiaren buru, Milagros Acea Immigrazioko Tokiko Kontseiluko (ITK) bigarren presidenteordeak ere hartu du parte BBK Kunan ospatutako ekitaldi instituzionalean.

Aurtengo edizioko 14 hautagaitzak hauek osatutako epaimahaiak baloratu ditu: Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzi eta Immigrazioko Tokiko Kontseiluko presidentea; Immigrazioko Tokiko Kontseiluko bigarren presidenteordea, Sierra Maestra-Euskadin bizi den kubatar komunitatea elkarteko Milagros Acea; eta Maya Amrane Biltzen – Integraziorako eta Kultura arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuko teknikaria. Guztiek zehaztu dutenez, baldintzak betetzeaz gain, hautatutako zazpi emakumeak euren kategorietan ekarpen berezia egiten dutelako nabarmentzen dira:

  • EMAKUME ERAGILE KOMUNITARIOA: Greta Frakenfeld (Argentina)
  • EMAKUME EKINTZAILEA: Xochitl Madai (Mexiko)
  • EMAKUME POLITIKARIA: Fernanda Callejas (Nikaragua)
  • EMAKUME ARTISTA: Somaya Amiri (Afganistan)
  • EMAKUME GIZA ESKUBIDEEN DEFENDATZAILEA: Idily Mérida Martínez (Guatemala)
  • EMAKUME GAZTEA: Josefa del Carmen Quijada Henning (Venezuela)
  • AIPAMEN BEREZIA EMAKUME ERAGILE KOMUNITARIOA KATEGORIAN: Blessing Uwagbale (Nigeria)

Itziar Urtasunen berbetan, “emakume horiek urteak daramatzate Bilbon funtsezko lanak egiten hainbat arlotan, aktibismoan, enpresaren munduan, zaintzan eta herritartasuna egiteko alde edo modu ezberdinetan. Sari horien bidez, halaber, emakume migratuek jasaten dituzten diskriminazio desberdinak ikusarazi gura ditugu, ikuspegi intersekzionaletik, elkarri eragiten dioten ardatzak, hala nola sexua, generoa, etnia, klasea, desgaitasuna, sexu-orientazioa, erlijioa, adina edo nazionalitatea, kontuan hartuta”.

BILBOREN ANIZTASUNA AINTZATESTEN DUEN EKIMENA

Immigrazioari buruzko Tokiko Kontseiluak sustatutako ekimena da “Emakume Migratzaileen Aintzatespena”, eta Bilboko Udalaren bizitza sozial eta publikoan emakume etorkinek duten garrantzia aintzatestea du helburu nagusi, bai eta udalerrian erreferentziazko guneak lekutzea eta aniztasuna aitortzea ere.

Ekimenak laugarren edizioa bete du dagoeneko, eta Immigrazioko Tokiko Kontseiluak gauzatzen duen lanaren esparruan proiektu estrategikoa eta sendotua da. Eta bat dator “Bilbao Balioen Hiria”, proiektuaren Balioen Kartarekin, kultur aniztasunetik inklusioa, tolerantzia eta bizikidetza bultzatuko dituzten ekintzak garatzearen alde egiten duen apustuarekin. Bertan beti daude presente justizia soziala, giza eskubideekiko errespetua, inklusioa, konpromisoa, elkartasuna eta parte-hartzea bezalako balioak. Era berean, 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuei lotzen zaie.