Bilboko Udalak 744.709.30 euroko aurrekontua bideratu egingo du Buia eta Abusu auzoak lotuko dituen oinezkoentzako ibilbide jarraitu eta irisgarri bat eraikitzeko. Lan horiek asteazken honetan goizean onartu egin ditu Gobernu Batzordeak, eta espero da aste honetan proiektua lizitatzea. Behin hura adjudikatuta eta obrak hasita, bost hilabeteko egikaritze-epea izango du.

Hala, Montefuerteko parkearen ipar-ekialdeko muturrean espaloi berri bat eraikitzea aurreikusi da, Buiako errepidean zehar, bizilagunek bide segurua izan dezaten; izan ere, gaur egun, puntu horretatik igaro nahi bada, galtzadako bazterbidetik edo galtzadaren paraleloan dagoen hartxintxarrezko bide batetik joan behar da.

Espaloiak 2,4 metroko zabalera izango du eta Buiako errepidearen paraleloan joango da, une honetan bazterbidea dagoen gunean. Bazterbidea espaloia baino zabalagoa bada, soberako azalera hori eraitsi eta landare-lurrez bete eta erein egingo da.

Espaloi berria egiteko, terrazozko baldosak jarriko dira, zuriak eta gorriak, oinezkoak ibiltzen diren eremuetan, bai eta baldosa podotaktilak ere, oinezkoen pasabide baten hasiera eta amaiera adierazteko; zintarria ere izango du espaloi berriak.

Euri-urak husteko, hormigoizko areka eraikiko da eta argiteriarako lurpeko kanalizazioa egingo da. Espaloi berrian zehar, led erako 54 luminaria berri jarriko dira, eta luminaria bakoitzak telekudeaketa-nodo bat izango du.

Buiako errepidean ere argiteria jarriko da, oinezkoentzako pasabidearen eta A-8 autobidearen azpiko tunelaren artean.

Egingo den espaloiaren ibilbidean dauden seinale bertikal guztiak, norabide-seinaleak dituen zutoina eta ertz-mugarriak mugitu egingo dira.