Bizitegi-eraikinetan arkitektura-oztopoak kentzeko dirulaguntzen deialdi berri bat deitu egin du Bilboko Udalaren Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako sailak.

Laguntza hori Gobernu Batzordearen azken bilkuran -martxoaren 8an (asteazkena)- onartu zen eta bizitegi-eraikinetako irisgarritasuna hobetzeko da, eta, aurten, badakartza berrikuntza batzuk diruz lagun daitezkeen zenbatekoei dagokienez.

Programa horretara 600.000 euro bideratuko dira, bizitegi-eraikinetan arkitektura-oztopoak kentzeko igogailuak eta irisgarritasuna hobetzen dituzten beste elementu batzuk jartzeko, eta beste 75.000 euro helburu berarekin irabazi-asmorik gabeko elkarteek egiten dituzten jarduketetarako.

Gainera, 75.000 euro emango dira bizitegi-eraikinetako egiturazko elementuak konpontzeko lanak egiteko.

Gertatu liteke zenbateko horiek gehitzea, beharrezkoa izanez gero, ekitaldian zehar aurkezten diren eskabideen arabera.

Aurreko urteetan bezala, deialdi honen xedea da lan hauen zati bat finantzatzea: bizitegi-erabilerako eraikinen barrualdeko elementu komunetan dauden arkitektura-oztopoak eta atarian bertan zuzenean sartzeko dauden kanpoko oztopoak kentzeko lanak (mailak edo eskailera-mailak, esaterako) eta, halakorik ez dagoenean, igogailua jartzeko lanak.

Era berean, deialdiaren helburua izango da bizitegi-eraikinen inguruetan lehendik dauden titularitate pribatuko kanpoko urbanizazioak ––erabilera publiko zein pribatukoak–– berritzeko obrak finantzatzeko dirulaguntzak ematea, baldin eta obra horiek hirigintza-oztopoak kentzea badakarte.

Ekitaldi honetan, gainera, arkitektura-oztopoak kentzeko obrak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarteak ere izan daitezke dirulaguntzen onuradun, elkartearen jarduera garatzen den eraikinean egiten badira obrak.

Bilboko Udalak eraikin partikularretan oztopo arkitektonikoak kentzeko hainbat laguntza-programa sustatu ditu 1998az geroztik, herritar guztiei etxebizitzetarako irisgarritasuna bermatzearren.

Dirulaguntzak eskuratzeko betekizunak, 2023an

Orokorrean, arkitektura-oztopoak kentzeko dirulaguntzak jaso nahi dituzten bizitegi-eraikinek betekizun hauek bete behar dituzte:

  • Eraikinaren erabilera nagusia bizitegia izatea.
  • Bizitegi-erabilerak ez direnak badaude, erabilera horiek, gehienez jota eraikitako azaleraren % 50 izango dira; ez dira kontuan hartuko behetxeak eta sotoak, horrelakorik egonez gero.
  • Eraikinak, gutxienez, hamar (10) urte edo gehiago izatea.
  • Eraikinaren altuera osoa lau (4) solairukoa izatea, gutxienez, beheko solairua barne.
  • Eraikinen Azterketa Teknikoaren Txostena edukitzea, 50 urte baino gehiagoko antzinatasuna daukan eraikin bat bada; igogailua jartzeko bada, nahitaez aurkeztu behar da EAT, eraikina noizkoa den kontuan hartu gabe.

Era berean, Otxarkoaga auzoaren berezitasuna aintzat hartzen da, hango biztanleen ezaugarri sozioekonomikoengatik eta obren kostu handiagoarengatik; izan ere, gehienbat, eraikinen kanpoaldean jartzen dira igogailuak, eta, hala, obraren egiazko kostuaren % 20ko dirulaguntzari eusten zaio, gehienezko muga 20.000 euro izanik.

Surbisaren ardurapeko jardun-eremuak (Zazpi Kaleak, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Olabeaga, Gurutze auzoa, Zazpilanda, Iralabarri eta Irala historikoa) ez dira dirulaguntza hauetarako deialdian sartzen, dirulaguntzen sistema propioa dutelako.

Ez da dirulaguntzarik emango familia bakarreko edo familia birentzako etxeetarako, bakanak zein elkarri atxikiak izan.

Dirulaguntza hauek jaso gura dituzten jabeek edota jabeen erkidegoek 2023ko azaroaren 13a baino lehen aurkeztu behar dituzte eskariak. Deialdiaren barruan sartzen dira aurretik aurkeztu eta oraindik ebatzi barik dauden eskabideak.

Udalak ematen dituen laguntzez den bezainbatean, kontuan hartu behar da:

Obraren benetako kostuaren % 10 da zenbatekoa:

  • Igogailuetarako: 20.000 euro gehienez, kaletik etxebizitza bakoitzera eskailera-mailarik gabeko ibilbidea lortzen bada.
  • Igogailuaren ibiltartea luzatzeko: gehienez 8.400 euro.
  • Plataforma jasotzaileak, atarietarako arrapalak eta abar jartzeko: gehienez 4.200 euro.
  • Zenbait atari hartuko dituen igogailua jartzeko aurreproiektua idazteko: gehienez 1.800 euro.

Lehendik dauden titularitate pribatuko kanpoaldeko urbanizazioak izanez gero:

  • Igogailua jartzeko: Kostuaren % 10, eta gehienez ere 30.000 euro (lehen, 12.000 euro).
  • Oztopoak kentzeko beste esku-hartze batzuk: kostuaren % 20; gehienez 6.000 euro.

Irabazi-asmorik gabeko elkarteak badira, laguntza ekonomikoa aurrekontuaren % 100era irits daiteke, 15.000 euroko gehieneko zenbatekoarekin.

Dirulaguntza horiek bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzak eta beste administrazio edo entitate batzuek ematen dituzten dirulaguntzekin.

2022an arkitektura-oztopoak kentzeko emandako dirulaguntzen balantzea

Bilboko Udaleko Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailak, 2022an, 100 jarduketa lagundu zituen diruz, guztira, eta 689.718,57 euro (2021ean baino % 14,33 gehiago) eman, guztira. Nabarmentzekoa da eskatutako dirulaguntza guztiak eman zirela, araudia betetzen zuten guztiak.

100 jarduketa horietatik:

  • 11 jarduketa, igogailua jartzeko izan ziren. Horietan, erabateko irisgarritasuna lortu zen.
  • 8, igogailua jartzeko.
  • 2, urbanizazioak berritzeko.
  • 1, Otxarkoaga auzoan, igogailua jartzeko eta obra-aurreproiektuak idazteko.
  • 42, igogailuaren ibiltartea luzatzeko.
  • Eta beste 36, irisgarritasunarekin zerikusia duten jardunetarako (eskailera-igogailuak, arrapalak…).

Jarduketa horien onuradunak 2.160 etxebizitza izan ziren. Horietatik, % 13,98, igogailurik ez zuten eraikinetan igogailuak jartzeko izan ziren. Eta % 86,02 beste traba batzuk kentzeko jardunetarako; esate baterako, igogailuaren ibiltartea luzatzeko, eskailera-igogailuak, arrapalak eta abar jartzeko.

1.800 eurotik 20.000 eurora arteko laguntzak barruti guztietan banatu ziren; gehiago, jakina, igogailurik gabeko bizitegi-eraikin gehiago dauden aldeetan. Hortaz, jarduketa gehien Abando, Uribarri, Deustu, eta Basurtu-Zorrotza barrutietan egin ziren.

Beste alde batetik, Zazpi Kaleetako, Bilbo Zaharreko, Trenbideko Langileen auzoko, Olabeagako, Gurutze auzoko, Iralako –gune degradatuak- eta Zazpilanda auzoko hiri-birgaikuntza arduratzen den Surbisa udal sozietateak, arkitektura-oztopoak kentzearekin lotutako 41 jarduketa diruz lagundu zituen iaz, horietatik 10 igogailuak, 232.000 euroko zenbatekoarekin (eta 210.000 euro gehiago Eusko Jaurlaritzarenak), 2 milioi euroko inbertsio pribatuarekin mobilizatuz eta 357 familia gertatu ziren onuradun.

Beraz, iaz, guztira udalerrian, 141 jarduketa gauzatu ziren bizitegi-eraikinen irisgarritasunerako, eta 921.718,57 euroko zenbatekoa baliatu zen haietan, eta 2.517 bizitegiri ekarri zien onura.

Aholkularitzako udal zerbitzua

Bilboko Udalak badu bizitegi-eraikinetan irisgarritasuna hobetzeko informazioa emateko zerbitzua. Hirigintza Plangintzako Zuzendaritzan ematen da, eta, kontsultarik egin nahi izanez gero, aldez aurretik eskatu behar da hitzordua, 94 420 43 07 telefonoan, urbanismo@bilbao.eus helbide elektronikoan edo Udalaren webgunean, ‘Zure Udalak entzuten dizu’ atalean. Behin eskaera erregistratutakoan, zerbitzuko langileek interesdunarengana joko dute, behar den aholkularitza ematearren.

Zerbitzu horretan sarrien egiten diren galderak, hauen inguruan izaten dira:

  • Jabeen erkidegoetan aurretiaz onartu behar dituzten akordioak.
  • Irisgarritasun unibertsala lortzeko aukerak.
  • Obra-lizentziak eskuratzeko administrazio izapideak, ondasun pribatuak edo espazio publikoak okupatzeko beharrizana, eta beste udal sail batzuekiko solaskidetza.
  • Eskura daitezkeen laguntza ekonomikoak.

2017ko martxoan abian jarri zenetik, zerbitzuak 500 erkidegori eman die aholkularitza; azken urtean 108 izan dira.