Eskolaz kanpoko jardueretan STEAM hezkuntza-estrategia sustatuko du Bilbok
STEAM Euskadi Estrategia aisialdi hezitzaileko jardueretan sustatzea izango da Bilboko Udalaren hurrengo erronka. Helburu hori lortzeko, lankidetza-akordio bat sinatu egin du Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin.
Bilboko Udalak eta Innobasquek hitzarmena egin dute, bete-betean uste dutelako gazteei txikitatik piztu behar zaiela zientziaganako, teknologiaganako eta berrikuntzaganako interesa, eta zeharkako beste gaitasun eta balio batzuk ere garatzen lagundu behar zaiela —hala nola, talde-lana, komunikazioa, ekimena, kontzientzia kritikoa edo komunitatean eta gizartean planteatzen diren arazoak konpontzea—, haien emantzipazio, eta garapen pertsonal eta profesionalera begira.
Era berean, hitzarmenak indartu egiten du bai Udalak bai Innobasquek duten konpromisoa, haur, nerabe eta gazteek STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak, ingelesez) diziplinetan gaitasun eta zaletasun zientifiko eta teknikoak eskuratzea bultzatzeko.
Zentzu horretan, zera nabarmendu du Itxaso Erroteta Gazteria Gazteria eta Kiroleko zinegotziak: "Bilboko Udalaren jarduteko helburuetako bat da autonomia sustatzea, gazte bilbotarrak emantzipatu ahal izateko funtsezko elementua da eta. Prozesu hori haurtzarotik bultzatu behar da, hezkuntza ez-formalaren eremuetatik gaitasunak sortzen lagunduz, hezkuntzaren eta gizartearen orainaldiko eta etorkizuneko erronkei erantzun ahal izateko".
Udalaren helburua da ekimena Bilboko auzo guztietara zabaltzea Gazteguneen sarearen eta gazteentzako ekipamenduen bitartez, eta arreta berezia jartzea neskak ekimenera batzeari.
Bestalde, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak, Leire Bilbaok, zera esan du: "ezin egokiagoa da gazteen aisialdia eta STEAM hezkuntza batzea, aukera ematen duelako gazteei zientzia eta teknologia modu atsegin eta lagunkoian helarazteko, eta formalagoa den eskoletako hezkuntzan egiten dituzten ekintzak osatzen dituelako".
Bilboko Udalak eta Innobasquek elkarrekin lan egingo dute STEAM alorreko orientabidean eta gaitasun horiek ikastea sustatzeko ekimenak garatzen. Jarduera horiek bat egingo dute alor horretan eta helburu berarekin Udalak dagoeneko abiarazitakoekin. Honako hauekin, besteak beste:
- First Lego League Euskadi: 14. edizioan, Explorer Basurtuko Kideguneko Explorer kategoriakoek (6-9 urte) eta Otxarkoagako Gazteguneko Challenge kategoriakoek (10-16 urte) parte hartuko dute Deustuko Unibertsitatean martxoaren 4an egingo den lehiaketan.
- Aurtengo erronkaren izenburua Superpowered da (Superbotereduna), eta parte-hartzaileek, berrikuntza-proiektuak eta robotak garatzerakoan, zenbait gai aztertu behar izan dituzte: nondik datorren energia, nola banatu, biltegiratu edo erabiltzen den...
- Bizilabe: Elhuyarrek Bilboko Udalarekin lankidetzan sustatutako programa, gazteek aukera izan dezaten ikerketa-proiektuetan sakontzeko eta harremanetan jar daitezen inguruko teknologia-sarearekin.
- Gaur egun, programa Zorrotzako Kidegunean, Otxarkoagako eta Deustuko gazteguneetan eta Otxarkoagako udalekuetan garatzen da. Datozen egunotan, Basurtuko Gaztegunean ere hasiko da.
- Green Power Iberia-Bridgestone: Greenpower-Bridgestone Nazioarteko Zirkuitua Alfonso Líbano Firestone Fundazioak sustatutako txapelketa da, Bridgestoneren Espainiako Taldearekin lankidetzan. Bere helburua da mugikortasun jasangarria eta STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak, ingelesez) gaitasunak sustatzea, 9-25 urteko gazteen artean: beren auto elektrikoak diseinatu eta eraiki ditzatela, eta ikasturtean zehar horiekin lehia daitezela.
- Otxarkoagakoa izan zen programa horretan parte hartzen lehenengoa. 12 eta 15 urte arteko 3 neskak eta 4 mutilek osatutako equipo bat sortu zuen. Lortutako emaitza onak ikusta, beste gaztegune batzuk ere animatu dira, eta beren taldeak sortzeko aukera aztertzen dabiltza.
Ekimen horiei guztiei esker, hezkuntza ez-formalaren eremuan Eusko Jaurlaritzak gidatuta STEAM Euskadi Estrategia garatzen ari diren udalerrien buruan dago Bilbo, non aisialdiko programazioa baliatzen baita nerabe eta gazteen prestakuntza zientifiko eta teknikoan laguntzeio eta zaletasun teknologikoak sustatzeko, neskei arreta berezia jarriz.