Bilboko Udalak kultura hurbildu nahi du auzo guztietara eta horretarako ehun aisialdi eta kultura-proposamen baino gehiago jarri ditu abian 'Bilbo, Kultur Zigiludun Uria' programarekin. Ekimen honek Bizkaiko hiriburuan urteko ia egun guztietan lehen mailako kultur planak egotea lortzen du. Jarduerak artearekin, zinemarekin, musikarekin, arte eszenikoekin edo literaturarekin zerikusia izango dute.

Informazio hori herritarren eta Bilbora bisitan etortzen diren bisitarien esku era antolatu eta errazean egon dadin, Udalak urteko agenda bat eman du argitara, uriko kultur eta aisialdi jardueren funtsezko eduki denak jasotzen dituena 50 bat orrialdetan, alegia, hiriaren gaineko 2023ko kultur informazioa.

"Bilbo, Kultur Zigiludun Hiria" izeneko agendan, Bilboko kultur ekitaldi nagusiak jasotzen dira, zigilu-bilduma bat balitz bezala, eta herritarrek aukera zabala izango dute gozatzeko: antzerki-jaialdiak, musika, zinema, musika eta multimedia, literatur lehiaketak eta jardunaldiak eta ezagutza-jardunaldiak, arte-jarduerak, ondarearen gaineko zabalkunde- eta sustapen-jarduerak, sormen-ikastaroak eta -tailerrak, deialdiak eta askotariko publiko batendako sortutako lehiaketak.

Agendak 10 arlo dauzka, hiriaz ahalik eta gehien gozatzeko aukera ematen dutenak:

  • Arte eszenikoak
  • Museoak
  • Ikusizko arteak
  • Sormen-diseinua eta -industriak
  • Literatura, gizartea eta ezagutza
  • Ikus-entzunezkoak
  • Musika
  • Ondarea eta nortasuna
  • kultur aisialdia
  • Gertuko kultura

Kulturak Bizkaiko hiriburuarentzat duen esanahia dela-eta, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotziak gogora ekarri du gobernu-taldeak sektorearekin eta herritarrekin duen konpromisoa: "gure hiriak duen kultur zigiluaren aldeko apustua egiten dugu. Apustu sendo bat egin dugu hirian urteko 365 egunetan kalitatezko aisialdi eta kultura izateko, lehen mailako programazio askotariko, irisgarri eta, gehienetan, doakoa".

2023ko kultur agendaren ezaugarria, Gonzalo Olabarriaren esanetan, "askotarikotasuna eta kalitatea" dira, eta gustu, interes eta adin guztientzako dago pentsatuta. "Gonbidatzen ditugu guztiak, adinekoak, gazteak eta umeak, gure kultura eta aisialdi eskaintzaz gozatzera, nahiz bakarka, nahiz familiaren edo lagunen konpainian; izan ere, plan biribila daukagu pertsona bakoitzarentzat. Artea, zinema, musika, arte eszenikoak edo literatura maite dituztenentzat. Gonbidatzen zaituztegu gozatzera; zuen zain gaude".