Artxanda aktibatzeko planaren barruan aurrerapauso garrantzitsu bat eman du Bilboko Udalak asteazken honetan goizean, abenduak 28, Pike gunean abentura-parke bat egiteko obra publikoaren emakida onetsiz.

Plan horren oinarrian dago osasuna eta bizitza-kalitatea konektatzea, naturaren bidez, kirolaren bidez eta aukera osasuntsuak sortzen dituzten eta biztanle-nukleoekin bateragarriak diren aire zabaleko eremuen bidez, kalitatezko enplegua eta ekonomia suspertzeko aukerak ere ekarriko dituztenak.

Helburu hori lortzeko, Bilboko Udalak hiria aktibatzeko ereduaren aldeko apustu argia egin nahi du. Zehazkiago, Pike eremuan, aisialdi hedagarri eta jasangarria bultzatu nahi du, abentura-parke batekin.

Pike eremua Bilboko Udalarena da, baina Sondikako udal mugartean dago. Guztira, 54.814,77 metro karratuko azalera du.

Behin lursailaren titulartasuna edukita, Bilboko Udalak merkatuko aldez aurretiko kontsulta egin zuen, hiru eremuri buruz (Santo Domingo, Bagatzabidea eta Pike), Artxanda Berraktibatzeko Planaren barruko lehen emakiden lizitazioa planifikatzeko informazioa lortzeko.

Pikeren eremu hartarako, sektoreko agenteek aukera bi aurkeztu zituzten ezarri beharreko balizko jarduerari buruz, Udalak orain Bildu duen ideia bakarrean bat egiten zutenak.

Zehazki, udal abentura parkeak zenbait zirkuitu izango ditu (pasabideak, tirolinak, sareak…). Zirkuitu horiek orekan egongo diren pasarte arriskatu, akrobatiko eta fisikoak osatuta egongo dira, arbola edo totem batean bermatutako plataforma bat hurrengoarekin lotuko dutenak, zubi esekien eta altuera-jokoen bidez. Altzairuzko kableekin, sokekin eta zurarekin muntatuta egongo dira denak.

Guztira, 12 ibilbide aurreikusi ditu Udalak: ikasteko bat, egokitu bat, haurrentzako bat, tematiko bi, eta zazpi jolas-ibilbide, zailtasun maila desberdinekin. Era berean, parkeak komunak, armairuak, harrera, biltegia, piknik-gunea eta ostalaritzako eremu osagarria izan beharko ditu, besteak beste.

Azken finean, natura-aisialdiari eta jarduera fisikoari lotutako zerbitzu bat eman beharko zaie bilbotarrei, baita inguruko udalerrietako biztanleei eta hirira datozen turistei ere.

Behin bideragarritasun-azterketa onetsita, obra publikoaren emakidarako lehiaketa lizitatzeko beharrezko urratsak egiten hasi da Udala. Jendaurreko informazio-aldia eta gero, aurrera jarraituko du, urtearen lehen hiruhilekoan zehar.

Oinarrizko proiektua eta egikaritze-proiektua idazteko eta obrak egiteko aurreikusitako epea hamabi hilabetekoa da, lehiaketa adjudikatu eta gero.