Bilboko Udaltzaingora batuko diren 57 agente berriei harrera egin die astelehen honetan goizean Bilboko alkate Juan Mari Aburtok. Agente hauek Bilboko Udaltzaingoko 21. promozioa osatzen dute. Ekitaldian Amaia Arregi Herritarren Segurtasuneko zinegotziak hartu du parte baita ere.

19 emakume eta 38 gizon horietaz alkateak esan du “Udaltzaingoaren etorkizuna” direla. "Zuek zarete eta izango zarete kalean polizia hurbil eta Bilboko herritarrengandik gertu izango den hori, Bilborentzat nahi dugun polizia hori, kale-kalean izango dena eta herritarrengandik guztiz gertu, elkarrizketaren alde, prebentzioaren alde eta gatazkak konpontzeko prebentzioaren eta bitartekaritzaren alde egiten duena. Bilboren segurtasuna zuen esku ere dago orain. Eginkizun delikatu bezain garrantzitsua da. Baina konfiantza osoa dugu zuen kemenean, dedikazioan eta hurbiltasunean”, adierazi die Aburtok.

Bestalde, Amaia Arregi Herritarren Segurtasuneko zinegotziak gogora ekarri du “Bilboko Udaltzaingoaren historian emakume gehien duen promozioa dela hau”, eta agente guztiei eskatu die “egunero ahalegintzeko, ilusioa ez galtzeko, eta Bilborekin eta bilbotarrekin hartutako konpromisoa ez ahazteko”.

57 udaltzain berri horietatik 19 emakumeak dira eta 38, gizonak. Nabarmendu beharra dago emakumeen portzentajea aurreko promozioan (2019an) % 19 izan zela, % 27 2021ean eta 2022an % 33. Agente berrien batez besteko adina 31,95 urte da: zaharrenak 43 urte ditu eta gazteenak 25.

Haietako 43k Arkautin oinarrizko eskalako agente kategorian sartzeko ikastaroa bukatu berri dute. Gainerako 14ek ez dute egin behar izan, baliozkotuta daukatelako (hau da, aurretik gainditu zuten, Euskadiko udaltzaingoren batean edo Ertzaintzan sartzeko).

Azken promozioak

2002az geroztik, aurtengoak kontuan izanik, Bilboko Udaltzaingoan hamabi promozio berri sortu dira. Guztira 570 lagun sartu dira karrerako funtzionario moduan.

  • X. promozioa, 2002. urtean, 42 plaza
  • XI. promozioa, 2002. urtean, 36 plaza
  • XII. promozioa, 2005. urtean, 42 plaza
  • XIII. promozioa, 2007. urtean, 42 plaza
  • XIV. promozioa, 2008. urtean, 45 plaza
  • XV. promozioa, 2010-2011 urteen artean, 34 plaza.
  • XVI. promozioa, 2014-2016 urteen artean, 28 plaza.
  • XVII. promozioa, 2016-2018 urteen artean, 55 plaza.
  • XVIII. promozioa, 2017-2018 urteen artean, 25 plaza.
  • XIX. promozioa, 2018-2019 urteen artean, 104 plaza
  • XX. promozioa, 2021. urtean, 67 plaza.
  • XXI. promozioa, 2022. urtean, 57 plaza

2018ko uztailean lehenengo diploma-banaketa egin zitzaien oinarrizko eskalako agenteei, enplegu-eskaintza bateratu baten ondorioz.

Deialdi bateratua EAEko udalerrien arteko adostasunaren ondorioz egin zen, udalei hautaketa-prozesuak egiten laguntzeko tresna gisa. Era horretan, sinplifikatu egiten da prozesuen kudeaketa, eta arinago jartzen da abian, deialdia egin duen entitatearentzako kostuak ere gutxiago izaten direlarik.

Plantillaren gehikuntza

Auzo-ikuskaritzetako plantilla gehitzea eta urtero EPE bat egitea Bilboko Segurtasunerako Itunean jasota dauden 35 neurrietako bi dira. Itun hori, izan ere, Bilboko Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztiek sinatu zuten 2018ko martxoan.

Hain zuzen ere, dokumentuak kalkulatzen duenez, hartutako neurriak ezartzen amaitzean, Bilboko Udaltzaingoaren plantillan 900 agente inguru egon beharko lirateke. Gaur egun, plantillan lanpostuen zerrendako 866 agente daude