Datorren igandean, azaroak 20, Euskalduna Jauregiak Bilboko Udal Musika Bandaren kontzertua jasoko du. Ekitaldia eguerdiko 12.00etan hasiko da, eta bandarekin batera Ainara Ortega eta Noa Lur abeslariak arituko dira.
Oraingo honetan, Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariordea den Iñaki Urkizuk gidatuko du taldea. "E Jazz & +" izenburuarekin, kontzertuaren egitarauak dozena bat abesti baino gehiago jasotzen ditu. Errepertorioan, George Gershwinen “Girl Crazy” eta “Embraceable you”, Duke Ellingtonen “Don´t get around much anymore”, Tom Jobimen “Garota de Ipanema”, Milton Deluggen “Orange colored sky”, Consuelo Velázquezen “Bésame mucho”, Jimmy Mchughen “On the sunny side of the Street”, Jean Laughlinen “Looking at the downside”, Luiz Floriano Bonfáren “Orfeo negro” filmeko “Mahnâ de Carnaval”, Al Feldmanen “A tisket a tasket”, Richard Rodgersen “The lady is a tramp”, Harold Arlenen “Over the rainbow” eta John Kanderren “Cabaret” filmeko “Maybe this time” eta “Cabaret” izango dira entzungai.
Sarrerak jauregiko leihatiletan, webgunean eta Kutxabank kutxazainetan eros daitezke.
Bandak bere emanaldiekin jarraituko du Euskalduna Jauregian abenduan zehar. Hurrengo hitzordua abenduaren 4an izango da, igandea. José Rafael Pascual-Vilaplana zuzendari titularrak zuzenduko duen taldeak Ernesto Aurignac jazz musikari ospetsua izango du lagun “The Music of the Future” ikuskizunarekin. Ernesto Aurignacek berak jazz eta banda laukotearentzako konposatutako 70 minutuko ikuskizuna da. Diego Suárez pianistak, Toño Miguel kontrabaxuak eta Ramón Prats bateria jotzaileak ere lagunduko diete eszenatokian.
Ainara Ortega, abeslaria
Ainara Ortega Barrenetxea egungo jazz-eko ahots interesgarri eta eklektikoenetako bat da. Jazz tradizionalarekiko grina handiarekin, hernaniar hau Euskal Herriko erreferentziazko abeslarietako bat da. Biolinean eta jazz kantuan lizentziaduna Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian (Musikene), musikagilea, abeslaria, aktorea eta bizitzaren inprobisatzailea da, musikari moldakorra eta nahastezina. Familia musikal batean jaioa, hainbat ikasketa ditu: harmonia modernoa, pianoa, arte eszenikoak, klakea, lindy hopa, kontrabaxua, inprobisazioa, konponketak, etab.
Dixieland Mac Jeara 's Band taldean hasi zen kantari, eta ia ehun kontzertu eskaini zituen 2000 eta 2004 artean. Iñaki Salvador pianistarekin batera “Te doy una canción” ikuskizunean lan egin zuen, autore-kanta jazzarekin uztartuz eta 2009an izenburu bereko disko bat argitaratuz. Musikeneko irakasleen hainbat proiektutan kolaboratu eta lan egin du. Era berean, lan egin du jazzeko musikari ezagunekin: Jorge Pardo, Bob Sands Big Band, Ilja Reijngoud, Reunión Big Band, Mikel Andueza, Helio Alves, Jesie Davis, Carme Canela, Baptiste Techer, Jorge Rossy, Joaquín Chacón, Víctor Merlo, Chris Kase eta Mariano Díaz, besteak beste.
Aldi berean, antzerkiko aktore gisa hasi zuen bere ibilbidea, Olga Margallok zuzendutako “Las Inalámbricas” obrarekin. Orduz geroztik, honako obra hauetan aritu da lanean: “Miauless”, “Sin vergüenzas” eta “Cyrano de Nueva Orleans” (Vaivén Producciones), “El club de las mujeres invisibles” (2010eko Max Sarietarako izendatua), “Kafka eta panpina bidaiaria” (Tanttaka Teatroa) Fernando Bernuések zuzendua, “Mami Lebrun” (Xake Konpainia) eta “Entre copas” (Ados Teatroa). Bere ahotsa Pascal Gaignek konposatutako “Theo 's House” film finlandiarraren soinu-bandan entzuten da, eta, gaur egun, Lorearen papera egiten du Netflixeko “Intimitatea” sailean.
2015ean argitaratu zuen bere lehen diskoa lider gisa, “Scat” izenekoa, eta kantuen moldatzaile eta konpositore izan zen. 2021ean bigarren diskoa kaleratu zuen, “Onin” (Lesaka zeharkatzen duen ibaiaren izena), urte batzuk lehenago hil zen bikotekideari eskainia.
Noa Lur, abeslaria
Bobby McFerrinek eta Macy Grayk beren kontzertuetarako aukeratu dute, eta Estoniako Nazioarteko “Nomme Jazz” Jaialdian Europako jazzeko ahots gazte onenetariko bat bezala saritua dago "Badakit" diskoagatik. Noa Lurek bikaintasunaren saria jaso du BBK Jazzen eskutik "Troublemaker" albumagatik eta Musika Bulegoa 2022 saria "GAUR" proiektuagatik.
Jazz abeslari bilbotar honek iTunes Jazzen lehen postua lortu du bere disko guztiekin, Jazz for Children proiektua barne. “Cuadernos de Jazz” aldizkari ospetsuak dioenez, “ahots oparo eta jostaria da, emakumezkoa, talentuduna, soinu-erregistro eta erregistro dramatikoetan zabala, xarmanta eta zentzu ludiko finekoa, benetan liluragarria”.