Martxan da berriro Ametzolako igogailua
Uriko auzo guztietan irisgarritasuna hobetze aldera, Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak amaitutzat eman ditu Ametzolako udal igogailua berritzeko lanak. Hala, astelehen honetatik aurrera, azaroak 14, erabat erabilgarri egongo da, hainbat hilabete itxiga egon ondoren.
Ametzolako igogailuak 20 lagunentzako lekua du, eta Trenbideko Etorbidearen azken zatia eta Padurako Guduaren kalea lotzen ditu, Irala auzoan, ia hamar metroko desnibela gaindituta.
Hobekuntza-lanen bidez, lehengo igogailuaren ordez, funtzionamendu eta segurtasuneko sistema berriak dituen igogailu bat jarri da, zerbitzuaren kalitatea eta igogailu horren errendimendua bermatzeko. Igogailu hori hilean batez beste 25.000 pertsonek erabiltzen dute.
Era berean, argiztapena hobetu eta areagotu egin da led sistemarekin, erabiltzaileek ikuspen hobea izan dezaten; era berean, sistema elektrikoa berritu da, igogailuari bizitza operatibo handiagoa emango diona, eta barneko egitura saneatzeko lanak egin dira. Udalak 120.000 euroko inbertsioa egin du obra horietan.
Jarduketa horren bidez, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak uriko auzo guztietan irisgarritasun unibertsala hobetzeko apustua indartzen du.
Nora Abete Saileko zinegotziak adierazi duenez, hau da "lehentasunezko ildoetako bat, bultzatzen jarraitu nahi duguna, zuzenean eragiten baitu herritarren bizi-kalitatea hobetzen, kasu honetan, Ametzolako eta Iralakoena". Zinegotziak gogorarazi duenez, "auzoen arteko lotura-sistema horiek aukera ematen dute oinezkoentzako ibilbide irisgarri bat izateko uriaren gainerako lekuetara, eta horrek aukera ematen dio Bilbori mugikortasuna ardatz duen uria izateko, mugikortasuna pertsonen erdigunean jarrita eta batetik bestera modu osasungarriagoan eta jasangarriagoan joanda".
Une honetan, Bilbon 64 igogailu publiko daude, hilean 1,2 milioi pertsonak erabiltzen ditu eta aurreikusita dago datorren urtean 10 igogailu berri egitea.