Ostiral honetan goizean, urriak 14, Jhon Jairo Hueje Planadeseko alkate eta berarekin zegoen espedizioa hartu ditu Bilboko udaletxean Juan Mari Aburtok. Planades Kolonbiako hiria da.
Bi alkateek, bilbotarrak eta kolonbiarrak, bi udalerrietako gaurkotasunari buruzko iritziak partekatu dituzte, bai eta herrialdearen barnealdean dagoen 30.000 biztanleko herri horretan gauzatzen ari diren bi proiekturi buruzkoak ere. Udalerri hori Kolonbiako kafe-ekoizpenerako gune garrantzitsuenetakoa da. Proiektuak Bilboko Korrejimenduan ari dira gauzatzen, Bilboko udalaren finantziazioaren laguntzarekin.
Bilboko alkateak, Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziarekin batera, Planadaseko ordezkaritza kolonbiar osoa hartu du Bizkaiko hiriburuan, Euskadin zehar, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara, Bizkaiko Foru Aldundira eta Gasteizko eta Bilboko udaletara, egingo duten biraren barruan. Zehazki, Bilboko Udalak bi proiektu finantzatu ditu Bilboko Korrejimenduan: saneamenduari eta hornidurari buruzkoa 2021ean, eta eskola-azpiegitura eraikitzeari eta hobetzeari buruzkoa 2022an, horietako bakoitza 70.000 eurokoa.
Kolonbiako proiektuak Bilbon
Lehenengo proiektuak edateko ura eskuratzeko aukera eman gura du; izan ere, eremu horretako familiak giza kontsumorako egokia ez den sistemaren bidez hornitzen dira urez. 2017an, Planadaseko Alkatetzak Bilboko Korrejimenduko La Ilusión eta Buenos Aires bidexketako akueduktua eraikitzeko oinarrizko azpiegituren diseinuak egin zituen, eta hainbat elementu eta biltegiratze-tanke bat eraikitzeko lanen parte bat, baina ez ziren amaitu komunitateek euren etxebizitzetan edateko uraren zerbitzua izan zezaten beharrezkoak ziren obrak.
2020an, komunitateek obrak amaitzeko eskaera egin zioten Planadaseko Udal Administrazio berriari, eta Bilboko Udalak kofinantzatutako akueduktuaren eraikuntza amaitzeko beharrezko obren diseinuak egin ziren.
Bigarren proiektuaren helburua hezkuntza eskuratzeko baldintzak hobetzea eta bakearen kultura sustatzea da, Planadasen dagoen Bilboko Korrejimenduari dagozkion hiru bidexketan. Hori lortzeko, landa-inguruko hiru eskoletako hezkuntza-komunitateekin ari dira lanean, azpiegitura birgaitzearen eta eskolen horniduraren bidez, hezkuntza baldintza egokietan emateko; umeen eta nerabeen giza eskubideak ezagutarazteko eta baliatzeko; eta eskolatik lurraldea zaintzeko eta defendatzeko, generoaren eta ingurumenaren ikuspegitik.