Zabalik dago jada Darabilbo programan parte hartzeko izena emateko epea. Urrian zehar, Darabilbok doako zazpi jarduera antolatuko ditu. Izen ematea Darabilbo programaren webgunean, darabilbo@gmail.com helbide elektronikoan edo 607 530 132 telefono-zenbakian egin daiteke.

Gainera, telefono-zenbaki horretan bertan, euren ideiak proposa ditzakete.

Hileko lehenengo jarduera urriaren 14an, barikuan, izango da; hain zuzen ere, 18:00etan hasita, Irati Urrestarazu artistaren eta komisarioaren eskutik, Errekalde aretoan bisita gidatua egingo da.

Hilaren 20an (eguena), 10:00etan, tupper sex tailer bat egongo da Santutxuko euskaltegian.

Hiru egun geroago, hilaren 23an (domeka), irteera bat antolatu dugu Izarraitz mendian, 11 kilometroko ibilbide zirkularra egiteko. Aittolako aparkalekuan (Azkoitia) elkartuko gara, 9:30ean.

Eguaztenean, hilak 26, pintxo osasungarriei buruzko nutrizio-tailer bat egingo da.

Hurrengo egunean, hilaren 27an (eguena), beste bisita gidatu bat egingo dugu, oraingoan Bilbo Zaharrean barrena.

Urriko azken jarduera hurrengo egunean, hilaren 28 (barikua) egingo da, Errekalde aretoan: hirugarren bisita gidatua, oraingo honetam Txus Melendezen eskutik.

Eskaintza osoa eta informazio gehiago Darabilbo programaren web orrialdean.

Darabilbo

Darabilbo programa Bilboko Udalaren eta Bilboko Euskaltegien Sarearen proiektu bat da, aisialdian eta dohainik euskararen erabilera sustatzeko xedea duena; euskara hobetu nahi dutenentzat edo, besterik gabe, euskaraz dibertitu nahi dutenentzat da.

Darabilbo 2013an abiatu zen eta, harrezkero, askotariko jarduerak sartu ohi dira programan. Jarduerak taldean egiten dira, urteko hilabete guztietan (uztailean eta abuztuan izan ezik) eta barruti guztietan.

Euskarazko doako jarduera horietan parte hartzeko baldintza bakarra da Darabilboren web-orrian izena ematea eta 16 urte beteta izatea (familiako jardueretan izan ezik).