Bilboko Udalak parte hartuko du aste honetan planeta berreskuratzeko Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak antolatutako eta sortutako Asteklima 22 ekimenean.

Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak gogorarazi du "aldaketa klimatikoa, globala izan arren, tokian-tokian eta hurbiletik aurre egin behar zaion fenomeno bat da". Alde horretatik, bere ustean: "ezin ardura handiagoko kontua da ASTEKLIMA2022 bezalako ekimenetan parte hartzea, guztiak ohar gaitezen eta agerira ekar ditzagun ekintza txikiak, ohiturak eta keinuak, zuzendu eta indartu egin behar ditugunak, gure etorkizuna eta etorriko diren belaunaldiena baitugu jokoan".

Astean zehar, hainbat jarduera antolatu dira, eta bihar dira hastekoak, irteera gidatu bat eginez espezie exotiko eta inbaditzaileak eta baso sistemak ezagutzeko eta plogging bat egiteko Artxandan (plogging, kirola eginez batera ingurumena zaintzeko jarduera, Suedian jaioa) .

Ibilaldia 9:30ean hasiko da, eta hiru ordu iraungo du: Artxandan zehar egingo da, interpretazioa eginez espezie exotiko inbaditzaileei buruz, haien ekologiari buruz, baso-ekosistema batzuetan eta besteetan dute inpaktuari buruz eta haiek kontrolatzeko eta kentzeko metodoei buruz.

Eta bide batez, ibilbidean aurkitzen diren hondakinak jasoko dira (PLOGGING). Jarduera hori egokia da era guztietako publikoendako, nahikoa baita sasoi ona izatea ibilbidea egiteko.

Irailaren 25ean, domekan, 9:30etik aurrera eta hiru orduan zehar, hasierako hitzaldi bat egingo da ur ekosistemez eta plastikoek erreketan nahiz itsas ekosistemetan eragiten dituzten arazoez.

Parte hartzaileak, Abusu aldean sartuko dira errekara, eta hondakinak bilduko dituzte. Bildu ondoren, hondakinak sailkatu eta zein bere edukiontzian utziko ditugu. Jarduera amaitzeko, piraguaz gidatutako zeharkaldi bat egingo dugu itsasadarrean zehar Bilboko Itsas Museoraino.

Azkenik, zapatuan, urriaren 1ean, umeendako tailerrak egingo dira, jokabide eta jarrera jasangarriak sustatzeko ingurumenaren osasunaren alde, arteak eskaintzen dituen era bateko eta besteko tresnak erabiliz, alegia, musika eta plastika erabiliz.

Alde batetik, adierazpide plastikoa landuko da, material birziklagarriekin -papera eta kartoia- norberaren eskulturak sortzeko, eta, bestetik, musika-tresnak egingo dira, material birziklatuen bidez, haurrak soinura eta musikara hurbiltzeko.

Horrekin guztiarekin, asmoa da jendea jabearaztea ingurunearekin harremanak izateko ohiturez eta moduez (kontsumo-ohiturak, gutxitzea, berrerabiltzea, birziklatzea) eta ingurumenaren arazoez, dela soinu-poluzioaz eta soinu-paisaiaren kalitatearen garrantziaz.

Hiru jarduera horietan parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik, ingurumena@bilbao.eus posta elektronikoko helbidean edo 94 420 50 39 telefonoan.