Datorren larunbatean, irailak 24, Zorrotza auzoko pilotalekuak 'Bilbao Altxatuz' izeneko programaren barruan antolatutako Herri Kirolen hiru erakustaldietatik lehena jasoko du. Ekimen honekin Udalak Herri Kirolak ikusarazi nahi ditu, uriko auzoetako jendeari hurbilduz.

Hurrengo erakustaldia urriaren 2an izango da, domekan, Deustuko San Pedro plazan, eta, azkena, berriz, azaroaren 27an, domekan, La Casilla plazan. Ordutegia, hiru erakustaldietan, 13:00etatik 14:00etara izango da.

Saio hauek osatu egingo dituzte 2022rako egutegian aurreikusita zeudenak, maiatzetik aurrera hasi baitziren, guztira zortzi erakustaldi emanik, Arangoitin, Indautxun, Txurdinagan, Abusun, Santutxun, San Ignazion eta Ametzolan, hain zuzen.

"Bilbao Altxatuz" Bilbao Kirolak udal entitatearen eta Bizkaiko Herri Kirolen Federazioaren arteko elkarlanaren emaitza da, eta, berarekin, indartu egiten da Bilboko Udalaren konpromisoa, herri kirolak sustatuz, "izan ere, kirola ez ezik, ohitura eta tradizioa ere badira, eta gure euskal kulturaren aberastasunaren osagai".

Kirolerako Estrategia Bilbon

Bilbao Altxatuz programa, izan ere, Bilboko Udalaren Kirolerako Estrategiaren barruan dago, eta, zehazki, estrategia horren ardatzetako lehenengoan: Bilbao Kirolak Komunitatea. Ardatz horrek kirolaren ekosistema dinamizatu gura du, beste erakunde eta entitate batzuekin eta herritarrekin arituta.

Herri kirolen sustapena Bilboko Udalaren kirol-politika zuzentzen duen dokumentu honetan ezartzen diren ekintza eta konpromisoetako bat da.