Irailaren hasierarekin batera, ohiko agenda berreskuratzen hasi da Bilboko Udala. Pixkanaka-pixkanaka, aurreko ikasturtean arrakasta izan zuten programa eta ekimenen edizio berriak martxan jartzen hasi da.
Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturgunean izango da, irailaren 19an, astelehena, “Gaurkotasunarekiko topaketak” beste hitzordu bat, Dani Alvarezek eta Mikel Reparazek gidatutako zikloa. Hitzordua 19:00etan hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian.
“Gaurkotasunarekiko topaketak” dibulgazio-zikloan, zorroztasunetik abiatuta, gai gori-goriak sakon aztertu nahi dira, akademizismotik ihes eginez. Horretarako, gai bakoitzean adituak diren pertsonak egongo dira, gai horiei buruz ahalik eta modu didaktiko eta arinenean eztabaidatzeko.
Oraingo honetan, “Europa ante su invierno político” du izenburu topaketak eta hainbat gai jorratuko dira, hala nola energia-egoera, gerra, prezioen igoera geldiezina edo Txinak une honetan duen posizioa. Arancha González Laya Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbidean lizentziaduna, Parisko Nazioarteko Gaietarako Eskolako dekanoa eta Kanpo Arazoetako ministro ohia izango da bertan.
Bidebarrieta Kulturguneari buruz
Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiaren barruan kulturari eskainitako gunea da. Bere helburuen artean kultura, literatura eta zientzia garatu eta sustatzea dago.
Hitzordu honetarako sarrera doakoa da eta sarrera librea izango da lekua bete arte. Bertaratzerik ez badago, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturgunearen Youtubeko kanalean.