Bilbotarrek hamar egun izango dituzte, irailaren 15etik 25era bitartean, Parte-hartze bidezko Aurrekontuetan garatuko diren proiektuak bozkatu ahal izateko. Prozesu hau Bilboko Udalaren webgunearen bitartez egingo da.
Bozka gehien jasotzen dituzten ekimenak, 2 milioi euroko aurrekonturaino, 2023ko Udal Aurrekontuetan sartuko dira.
Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziak parte hartzera animatu ditu herritarrak: «botoa emateko sistema erraza da. Keinu soil bat, Bilbo gero eta hobe bat lortzen laguntzeko». Eta zera gaineratu du: «Bilboko Udalaren Parte-hartze bidezko Aurrekontuen programak herritarren parte-hartze benetako eta eraginkorra sustatzen du; aukera ematen die proposamenak egiteko eta, gainera, beren botoarekin erabakitzeko».
Jasotako 579 proposamenetatik, udal sailek 28 proiektu hautatu dituzte. Hautaketa egin da interes orokorra, egokitasuna, eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aintzat hartuta.
Bozkatuko diren proiektuak askotarikoak dira. Ekimenak askotarikoak dira: gizarte-ekintza, osasuna, teknologia edo obrak, besteak beste. Bozketa irekitzen den unetik aurrera -bihar osteguna, irailak 15- kontsultatu ahal izango dira proposamenak udal webgunean.
Bozketan, Bilbon erroldatutako 16 urtetik gorako edozeinek parte hartu ahalko du, eta pertsonako boto bakarra eman ahalko da. Horretarako, inprimaki erraz bat prestatu da, non identifikazio-agiria eta jaiotze-data baliozkotuko diren, erroldaren bidez. Nahi adina proposamen hautatu ahalko dira, baina ezingo da gainditu parte-hartze bidezko aurrekontuetarako ezarritako zenbatekoaren gehienekoa (2 milioi euro).