Aurten ere Aste Nagusiak bat egingo du 2030 Agendan jasotako Garapen Jasangarrirako 17 Helburuekin (GJH). Ekimenen artean Casilda Iturrizar parkeko Txikigunearen protagonista izango dira.

Horrela, bada, abuztuaren 21etik 28ra bitartean, 0-12 urteko adingabeak balioetan heziko dituzte modu ludiko, dinamiko eta parte-hartzailean, eta ingurumen-hondamendiak prebenitzeari eta konpontzeari buruzko oinarrizko ezagutzak emango dizkiete.

Txikiguneak lau eremu izango ditu, eta aisialdiko 30 jarduera baino gehiago eskainiko ditu. Elkartasuna, aniztasuna, berdintasuna eta jasangarritasuna bezalako kontzeptuak sustatuko dituzte bertan, norbanakoak, planeta, bakea, onura eta aliantzak ardatz estrategikotzat hartuta.

Txikigunea zabalik egongo da goizez eta arratsaldez: 11:00etatik 14:30era, eta 16:30etik 20:00etara.

Gainera, duela gutxi berritutako Pergolako iturriak argi eta kolorezko ikuskizunak eskainiko ditu, ur-zurrustekin eta GJHen 17 tonuekin jolasean. Zehazkiago, ikuskizunek hamabi minutu inguru iraungo dute, gaueko ordutegian egongo dira, su artifizialak baino lehen eta ostean, 21:30, 22:00, 23:00, 23:30 eta 00:00ean.

HONDAKINEN KUDEAKETA

Ingurumenaren gaineko eragin kaltegarria ahalik eta txikiena izan dadila lortzea, hondakinak sortzeko orduan: horra hor ekitaldi handi bat antolatzearen erronka handietako bat. Zentzu horretan, Bilboko Udalak Aste Nagusi gero eta jasangarriago baten alde egiten du, eta, hala, bere esku dituen baliabide guztiak jartzen ditu, helburu hauek lortzeko:

  • Sortzen diren hondakinak gutxitzea; batez ere, erabilera bakarrekoak.
  • Hondakinak behar bezala bereiztea, arreta berezia jarriz plastikoa, posible den neurrian, ahalik eta gutxien erabiltzeari.

Hori dela eta, hondakinen kudeaketa errazte aldera, zaborrontzi eta edukiontzi sorta handia egongo da jai-guneetan, era bateko eta besteko hondakinak gaika biltzeko.

Kontzertuen guneetan, bestalde, ohi baino 250 zaborrontzi eta ontzi gehiago jarriko dira, hondakin mota desberdinetarako. Eta, horrez gain, beira, papera eta kartoia, organikoa eta ontziak bereiz jasotzen bakarrik arituko diren langile eta ibilgailuak egongo dira.

Txosnen guneari dagokionez, txosnen barruan 160 edukiontzi jarriko dira, birziklatu ahal diren hondakin desberdinetarako, eta tamaina ertaineko beste 300 edukiontzi jarriko dira, jai-gune desberdinetan banatuta.

Horren guztiaren bidez, birziklatzea eta hondakinak gaika bereiztea sustatu nahi da. Nabarmentzekoa da 2019an, 666 tona hondakin bildu zirela, Aste Nagusian zehar (aurreko urtean baino % 13 gehiago). Horietatik, 539 tona errefusara botatako hondakinak izan ziren.