Oso gutxi falta da hain berezia den San Joan gaua ospatzeko, eta Bilboko Udalak den-dena prestatu egin du dagoeneko. Hala, datorren ostegunean, ekainak 23, koronabirusaren pandemiak eragindako egoerari aurre egiteko bi urteko etenaldia eta gero, suak piztuko dira Deustu, Deustuko Erribera, San Ignazio, Matiko, Zurbaranbarri, Etxebarria parkea, Santutxu, Otxarkoaga, Abusu, San Adrian, Irala, Zorrotza, Bilbo Zaharra, Masustegi eta Iturrigorri-Peñascal auzoetan.

Era berean, Bilboko Udalak herritarrei gogorarazten die ahalik eta konturik handienarekin ibiltzeko eta behar ez diren arriskuak saihesteko. Horrez gain, ohartarazten du galarazita dagoela likido suharberak edo leherkorrak erabiltzea suak pizteko, eta ke toxikoak eragiten dituzten materialak ere debekatuta daudela.

San Joan gaueko suei eragiten dieten lege-xedapenez eta erakundeek gai horri buruz eman ditzaketen komunikazioez gain, Bilboko Udalak honako hau jakinarazten du:

  • Sua piztu aurretik pilatutako material multzoa hiru metro altu izan daiteke, gehienez.
  • Materialak solidoak izan behar dira. Debekatuta dago likido leherkor edo sukoiak erabiltzea, eta kea eta/edo ke toxikoa sor dezaketen materialak ere bai (pneumatikoak, plastikoak, oihalgintzako olioak, gailu elektrikoak eta abar).
  • Sua eraikin, linea elektriko, instalazio edo objektu finko nahiz mugikor orotatik eta era guztietako ibilgailuetatik 15 metrora jarri behar da, gutxienez.
  • Suaren inguruan, eta jendea dagoen alderaino, 4 metroko edo gehiagoko segurtasun-perimetroa egon behar da, eta perimetro barruan sua zaintzen duten pertsonak bakarrik egongo dira.
  • Galarazita dago sua urbanizatutako zoladuraren gainean ipintzea, nahiz asfaltoa izan, nahiz lauzak izan.
  • Haize gogorra badago eta horrek sua kontrolatzea zailtzen badu, sua ez pizteko aukera aztertu beharko da. Haizeagatiko alerta meteorologikoa badago, galarazita egongo da sua piztea.
  • Suak heldu baten zaintzapean egon beharko dira, une oro.
  • Ur-mahukak, sua jotzekoak edo su-itzalgailuak egon beharko dira suetatik hurbil.
  • Sua dagoen lekutik joan baino lehen, egiaztatu beharko da ez dagoela txingarrik edo hausbero pizturik. Ez da sua utzi behar, erabat amatatuta ez badago.

Halaber, Bilboko Udalak laguntza eskatzen die herritarrei, baimenik ez duten edo aipatutako baldintzetakoren bat betetzen ez duten suak piztu daitezela ekiditeko, Bilboko Udaltzaingoaren telefonoaren bitartez (092 edo 112).