Gaur goizean, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta bi urtez murrizketekin ospatu behar izan ondoren, normaltasun osoa berreskuratu egin du Hiria sortu zuen On Diego López Harokoren ohiko omenaldiak. Beti bezala, omenezko desfilea eta lore-eskaintza egin da, asteazken honetan uriak 722 urte bete baititu.

Ospakizuna 10:45 aldera hasi da Udaletxean, hortik abiatu baita Udal Korporazio osoa, hainbat dantzarik eta txistularik lagunduta, Bilboko Bandera Mariano Benlliure eskultoreak On Diegoren omenez egindako estatua kokatuta dagoen Plaza Biribilaren erdialderaino eramateko.

Aurten ere, Udalak gonbidapena luzatu die herritarrei eta hirian bisitan dabiltzan pertsonei, udal segizioarekin bat egin eta loreak utz ditzaten Bilboren sortzailearen estatuaren aurrean, eta horretarako krabelin zuriak eta gorriak banatu ditu bertaratutakoen artean.

Udal Txistulari Bandaren musikaz dantzatutako ohorezko aurreskuaren eta ezpatadantzaren ondoren, lore-eskaintza herritarra egin da Bilboko Alkatearen eta Udal Korporazio berriko zinegotzien parte-hartzeaz, Bilboko bizilagunak, Hiriko bizitza sozial, kultural, ekonomiko eta politikoarekin lotutako pertsonak, Kontsul Taldea, Bilboko Ospetsuak, merkataritza eta ostalaritzaren ordezkariak, eta Bilboko Hiri Kontseiluko nahiz Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topaguneko kideak tarteko zirela, besteak beste.

On Diegoren omenezko lore-eskaintza herritarrari amaiera emateko, jota herrikoia dantzatu da bertan bildutako adin guztietako hainbat pertsonaren parte-hartzeaz.