San Ignazio auzoko Juan de Antxeta kaleak pasaleku berria estreinatu egin du. Bilboko Udalak amaitutzat eman ditu aipatutako kalearen ondotik doan oinezkoen pasealekuaren azken zatiko lanak. Guztira, 442.109,14 euroko aurrekontua bideratu egin du Udalak, eta lanak bost hilabeteko iraupena izan dute.

Era horretan, jarraipena ematen zaio Ibarrekolandabideari, zeina hainbat fasetan egin baita; oraingo fase honetan, luzatu egin da pasealekua, Katalunia eta Ignacio Ellacuría kaleen arteko zatian, eta, horrenbesterekin, amaitutzat eman da haren trazadura.

Bestalde, pasealeku berria auzoko hiri-bilbean integratu da, Orixe kalearekin lotuta; horretarako, arrapala irisgarri bat eginarazi da, lehendik zeuden kirol pisten eta aparkalekuaren parean.

Juan Mari Aburto alkatea eta Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotzia izan dira gaur goizean San Ignazio auzoan, udal korporazioko beste kide batzuekin batera, pasealekua eta obren emaitzak ikusten.

IBARREKOLANDABIDEA

Ibarrekolandabidea pasealeku bat da, trenbidearen antzinako plataformaren gainetik doana, nahiko inguru lauan zehar, eta Juan de Antxeta kalearekin paraleloan, baina kota garaiagoan.

Bi gune horien artean dagoen maila 7 metrokoa da, eta lorategidun ezponda nahiko malkar batek lotzen ditu biak.

Pasealekuak 2,4 metroko zabalera du, ibilbide osoan zehar. Era horretan, bada, azken tartea osatzeko, lehendik urbanizatuta zeuden tarteetako estetika eta antolaera baliatu dira, hau da, asfalto gorrizko bide bat egin da, alboetan lorategi-zintarria ipinita. Kanpoaldeko alboan, berma bat eginarazi da, metro bete zabal, gutxi gorabehera, zuhaitz txikiak landatzeko (astigar gorria), batetik bestera 10,5 metroko tartea utzita.

Bidea eta Orixe kalea arrapala irisgarri baten bidez lotu dira; 2 metro zabal da arrapala hori, eta % 6ko malda du.

Zoladura lur naturalezkoa da, eta, horri esker, errazago husten dira euri-urak, drainaketa sare berri baten beharrik gabe. Euri-urak iragazi egiten dira zoladuran zehar, eta drainaketako zanga batean biltzen, arrapalaren aldamenean, eta, handik, Orixe kaleko hustulekuetako batera iristen dira.

Handitu egin da argiteria sarea, arrapala berria argiztatzeko, eta 7 LED argi-gune berri ezarri dira; berregotiku egin dira berdeguneak, landare-lurra zabalduta eta soropila ereinda, eta horrez gain, ureztaketa-sare berri bat hedatu da berdegune guztietara.

Azkenik, Wifi sarbide berriak ipini dira lanak egin diren eremuan.

AUZOKIDE PLANA

Ibarrekolandabidea urbanizatzeko azken fase honetarako aurreikusitako lanak uriko auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan egin dira.

Herritarrek parte hartzeko Udalak duen tresnarik garrantzitsuenetako bat da Auzokide Plana. Haren bidez, aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean: 1,5 milioi euro, barrutiko eta urteko.