Bilboko Udalak Hala Birala! Euskarazko doako aisialdi programa berrirako izen-ematea irekiko du ekainaren 13ra arte. Zehazki, aisialdirako eskaintza 11 eta 12 urtetik beherakoentzat da, eta Euskararen Etxean egingo da, ekainaren 27, 28, 29 eta 30ean. Interesa dutenek tailerrak aukeratu ahal izango dituzte goizez eta arratsaldez, 320 plaza bete arte.

Programaren asmo nagusia da adingabeek jolasean eta jarduera dibertigarrien bidez era bateko eta besteko sare sozialetan euskarazko edukiak sortzen, editatzen eta elkarbanatzen ikastea, modu erraz eta seguruan, eta, aldi berean, umeek eskolatik kanpo eta aisialdian euskara erabil dezaten sustatzea.

Gainera, tailerrak doakoak dira, eta lagundu egingo diete familiei udako oporraldietan lan-bizimodua eta familia-bizimodua uztartzen.

Hala Birala! programak B-tuber programa ordeztuko du, adingabeendako udal programa bat azken hori ere, baina Youtube baino lantzen ez zuena. Udalaren iritzia da beharrezkoa dela gaiak eta edukiak gehiago eta askotarikoagoak izatea, beste sare sozial batzuk ere sar daitezen, gazteek erabili ohi dituztenak, hala nola Instagram, twitch, tik tok eta beste. Besteak beste, egungo joerei eta erreferenteei helduko zaie, eta bereziki nabarmenduko dira euskarazko edukiak elkarbanatzen dituztenak; halaber, edukiak sortzeko teknikak landuko dira, eta gogoeta kritikoa ere bai.

Programa 8 tailerretan gauzatuko da, ekainaren 27an, 28an, 29an eta 30ean, Euskararen Etxean. Egun bakoitzean bi saio izango dira, bat goizez, 10:00etatik 13:00etara, eta bestea arratsaldez, 15:30etik 18:30era. Tailer bakoitzean, 4 talde eratuko dira, eta bakoitzean 10 parte hartzaile izango dira; guztira, 320 plaza eskainiko dira.

Interesdunek, programatutako 8 saioetako bakoitzean parte hartu ahal izango dute; horretarako, Udalaren web orrian eman behar dute izena: www.bilbao.eus/euskara/halabira. Gaur hasten da izena emateko epea, ekainaren 1ean, eta ekainaren 13an amaituko da.