Bilboko Udalak iragarri duenez, Bilboko Hilerriko Aire Zabaleko Pintura Azkarraren I. Lehiaketa ekainaren 4an, larunbatean, izango da. Hain zuzen ere, hilobiaren monumentu-, arte- eta ondare-alderdiak nabarmentzen dituzten hileta-artearekin lotutako pinturarik onenak sarituko ditu lehiaketak. Horretarako, parte-hartzaileek 5 ordu izango dituzte publikoarentzako beste jarduera batzuk egiteko, hala nola pintura-eskola magistral bat edo poesia-errezitaldi bat.

Parte-hartzaileek ekainaren 3ko 12:00ak arte eman beharko dute izena Bilbao Zerbitzuak-en webgunean horretarako irekitako atalean. Halaber, lehiaketaren oinarriak Bilbao Zerbitzuak-en webgunean kontsulta eta deskarga ditzakete interesdunek.

Lehiaketak hil-artearekin zerikusia duten margolanik onenak sarituko ditu, bereziki monumentuekin, artearekin, paisaiarekin eta alderdi bereziekin erlazionatutakoak, bai eta hil-sinbologia eta ondare-balioa eta Bilboko udal hilerriko esparruan nagusi den bake eta harmonia sentsazioa nabarmentzen dituztenak ere. Lehiaketa Hilerri osoan zehar egingo den arren, Bilbao Zerbitzuak-ek artearen ikuspegitik leku onenak identifikatuko ditu, artistei ikuspegia errazteko. Eguraldiak laguntzen ez badu, lehiaketa Hilerriko Klaustroko galeriara eramango da.

"Hilerriko I. Argazki Lehiaketa arrakastatsuaren ondoren, beste hitzordu batekin animatu gara, oraingo honetan pintzelekin, parte-hartzaileek guk bezainbesteko ilusioa izango dutelakoan. Ziur gaude gure hilerri dotoreari beste ikuspegi batzuetatik begiratzen lagunduko digula, eta haren aberastasun artistiko, kultural, historiko-artistiko, paisajistiko eta hiletakoari balioa emango diola", adierazi du Yolanda Díez Bilboko Udaleko Alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Zinegotzi Ordezkariak.

TEKNIKA LIBREA

Lehiaketa edozein motatako pintura-tekniketara dago irekita: olioa, akrilikoak, akuarelak edo teknika mistoak. Ez da onartuko argazki-tekniken edo teknika digitalen bidez egindako lanik, ez akaberan, ez argazki bat kopiatuz egiten dena ere. Izan ere, lehiaketaren helburu nagusietakoa parte-hartzaileek euren lana jatorrizko elementuaren aurrean aire zabalean egitea da.

Formatua librea izango da, eta lanen gutxieneko neurria 80x60 zentimetrokoa; akuarela bada, gutxieneko neurria 50x30 zentimetrokoa izango da. Euskarriak zurrunak izango dira edo bastidore gainean muntatuko dira (taula edo mihisea), eta inprimazioa kolore bakarrekoa izango da, zuria edo kolore uniformekoa, testurarik gabea, laua eta zurruna. Papera eta kartoi mehea erabili ahal izango dira akuarela edo antzeko teknikak erabiliz gero, eta horiek ere euskarri zurrunaren gainean emango dira. Euskarriak zigilatu eta zenbakitu egingo dira, segurtasun-neurri gisa, lehiaketaren egunean bertan, 08:45etik 09:15era, Bilbao Zerbitzuak-en bulegoetan.

LEHIAKETAREN METODOLOGIA

Parte-hartzaile bakoitzak instalazioetan bertan egindako obra bakarra entregatuko du, sinatu barik. Lehiatzaileak obra bakoitzari eman gura dion izenburua adieraziko du, edo, hala badagokio, katalogoan sartzeko testua (gehienez 20 hitz, euskaraz, gaztelaniaz edo ele bitan), lehiaketaren egunean bertan Bilbao Zerbitzuak-en bulegoetan horretarako emango zaion dokumentuan. Lehiaketa amaitzean dokumentu hori lehiaketaren antolatzaileek emango dioten gutun-azal itxian sartu eta entregatu beharko du. Egileek geroago sinatuko dituzte saritutako lanak, sariak eman ondoren.

Lanak zuzenean entregatuko dira Kaperan, 13:30etik 14:15era bitartean. Obrarekin batera, lehiaketa egiten den egunean hilerrian aurkezten den unean parte-hartzaile bakoitzari eman zaion gutun-azala entregatu beharko da, itxita. Gutun-azal horretan egilearen datuak (izen-abizenak, helbide osoa, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa) eta egindako obraren izenburua jasoko dira.

Epaimahaiak ez du onartuko inskripzioa gauzatzeko unean parte-hartzaile bakoitzak lehiaketa honetan gehienez ere lan argitaragabe eta original bat aurkezten duela egiaztatzeko euskarrian jarri den zigilua ez duen obrarik. Lan hori ezin izango da lehiaketa egin baino lehen beste modu batean sortutakoa izan. Parte-hartzaile bakoitzak bere obra sortzeko behar dituen material eta baliabide guztiak eraman beharko ditu, astoa, aulkia, margotzeko produktuak, etab. Kutsadura-ondoriorik ez izateko, parte-hartzaile bakoitzak pinturak edo disolbatzaileek sortutako edo baztertutako hondarrak edo hondakinak jasotzeko material egokia ere eraman beharko du, eta ez ditu horiek txorkoetan, estoldetan eta abarretan botako, eta Bilbao Zerbitzuak-ek horretarako jarriko dituen garbiguneetan utziko ditu.