Síguenos en redes sociales:

Bilbok bat egin du Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunarekin

Bilbok bat egin du Ikusgarritasun Lesbikoaren EgunarekinB. U.

Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du aurten ere bat gaurko egunean, apirilaren 26an, ospatzen den Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunarekin. Horretarako, sentsibilizazio-kanpaina bat jarriko du martxan.

“Emakume lesbianen ikusgarritasuna aldarrikatzen jarraitzen dugu. Errealitatea da gaur egun emakume askok, espazio askotan, ezin dutela adierazi lesbianak direla. Esan beharra dago sexu eta genero dibertsitatearen alorrean aurrerapenak egon direla. Baina esan beharra dago, baita ere, oraindik bide luzea dugula egiteko eta ez dela nahikoa”, esan du Nekane Alonso Berdintasuneko zinegotziak.

Bilboko Udalak bizitzaren alor guztietan benetako berdintasuna lortzeko eta hiri inklusibo eta askotarikoa eraikitzeko konpromisoa dauka; hori bat dator 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin, baita Bilboko Balioen Agiriarekin ere, Bilbao Balioen Hiria ekimenaren barruan. Ildo horretan, urtean zehar zenbait ekimen garatzen ditu Bizkaiko hiriburuan LGTBIQ+ kolektiboaren lana babesteko.

GIZA ESKUBIDEAK

Ortzadarraren banderaren koloreekin eta atzealde more batekin, kanpaina honetarako diseinatutako irudian erabateko protagonismoa dauka ospatzen den efemerideak: “Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguna, apirilaren 26a”. Data hau lema nagusia da. “Giza eskubideak dira” esaldiarekin batera, aldarrikatzen du pertsona orok -kasu honetan emakume lesbianak nabarmenduz- bizitzarako, askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea duela.

“Giza eskubideak unibertsalak dira. Ezin da aldarrikatu jarduera edo sinesmen kultural, erlijioso ez moralik, ezta gizarte-jokabiderik ere, inoren giza eskubideak urratzea justifikatzeko”, adierazi du Nekane Alonsok.

Kanpaina hau formatu digitalean zabalduko da Bilboko Udalaren webgunean eta Udalaren sare sozialetako kontuetan, baita udalaren publizitate-euskarrietan ere.