Arriaga Antzokiaren Erresuma/Kingdom/Reino produkzioak bere azken emanaldia iragarri du Madrilen igande honetan, apirilak 10. Zehazki, hilabete eman du Fernando Arrabal Aretoan, euskaraz. Horrela, Madrilgo publikoak Calixto Bieitok zuzendu eta Bernardo Atxagak egindako proiektu honetaz gozatu ahal izan du, Larrakoetxearen testu batzuetatik abiatuta.
Arriaga Antzokiari ilusio berezia egiten zion Madrilen euskarazko obra eskaini ahal izateak eta eskerrak eman nahi dizkio Teatro Españoli, haren eskuzabaltasunagatik. Teatro Español koproduktorea da eta ados egon zen azken emanaldia euskaraz egitearekin, martxoaren 11ko estreinaldiaz geroztik Madrilen izandako gaztelaniazko emanaldien hilabete trinko baten amaiera gisa. Horrez gain, igande honetako emanaldiak Etxepare Institutuaren lankidetza ere izan duela aipatu beharra dago.
Erresuma/Kingdom/Reino Arriaga Antzokiaren ekoizpena da eta Madrilgo Teatro Españolek, Gasteizko Principal Antzokiak, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak eta Getxoko Muxikebarrik koproduktore gisa laguntzen dute. Joan den otsailean Bilbon estreinatu ondoren, antzezlanak bira bati ekin zion, eta Iruñetik eta Madrildik igaro ondoren, igande honetan amaituko du bidaia. José María Pou, Joseba Apaolaza, Lucía Astigarraga, Ylenia Baglietto, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñaki Maruri, Koldo Olabarri, Lander Otaola, Eneko Sagardoy eta Mitxel Santamarina dira obraren antzezle bikainak, uda iritsi arte emanaldiak eskaintzen jarraituko dutenak. Hona hemen konfirmatuta dauden hurrengo hitzorduak:
- Apirilak 22 eta 23, Rosalía De Castro Antzokia (Coruña)
- Maiatzak 6 (euskaraz), maiatzak 7 eta 8 (gaztelaniaz). Muxikebarri (Getxo)
- Maiatzak 13 eta 14. Jaialdien Jauregia. Santander
- Maiatzak 21 eta 22. Lope de Vega Antzokia. Sevilla
- Maiatzak 28 eta 29. Calderón Antzokia. Valladolid
- Ekainak 3 (euskaraz) eta ekainak 4 (gaztelaniaz). Victoria Eugenia Antzokia,
Donostia
- Ekainak 9 (euskaraz), ekainak 10 eta 11 (gaztelaniaz). Principal Antzokia
Gasteiz
- Ekainak 17 eta 18. Cuyas Antzokia. Las Palmas Kanaria Handikoa.
Proiektu handia
Calixto Bieitok, zera gogorarazi zuen Bilbon antzezlana aurkeztu zenean: "hau zen Bilbora iritsi nintzenean buruan nuen proiektuetako bat. Shakespearekin ingelesez, frantsesez, suedieraz edo alemanez lan egin ondoren, jakin-min handia nuen bere hitzak eta edertasun poetikoa euskaraz eta gaztelaniaz entzuteko. Duela urte batzuk Obabakoak egin nuenean, ikusi nuen hemen, Euskadin, talentu handiko antzezleak daudela eta horrek, Bernardo Atxagarekin garatu nuen konplizitatearekin bat eginez, are gehiago konbentzitu ninduen proiektu hau egiteko nahiaz. Beraz, hor dago denborarekin Erresuma/Kingdom/Erresuma bihurtu denaren jatorria. Euskal aktore bikainek eratutako konpainia eraiki dugu, eta haien izena aipatzea merezi dute: Joseba Apaolaza, Lucía Astigarraga, Ylenia Baglietto, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñaki Maruri, Koldo Olabarri, Lander Otaola, Eneko Sagardoy eta Mitxel Santamarina. Eta horri azken izen bikain bat gehitu diogu: José María Pou".
Erresuma/Kingdom/Reino estetikoki eta bisualki oso indartsua den antzerki-proposamen gisa aurkezten zaigu, eta Shakespeareren tragedietako pertsonaia nagusiak ditu ardatz, beren indargune eta ahulguneekin. Pertsonaien izaera dela eta, interpretazioak deigarriak dira haien kontraste eta intentsitateagatik. Calixto Bieitok William Shakespeareren tragediak laburtzen dituen egokitzapen bat egitea aukeratu du, eta esentzia mantentzearen aldeko apustua egin du, egile ingelesaren obran oinarrizkoa den hori mantenduz: haren hizkera, bortizkeria eta poesia. Muntaiak poesia garaikidea transmititzen du, oso gaur egungoa den planteamendu eszeniko batekin; izan ere, instalazio bat izan litekeen horrengandik gertu dabil. Horrela, antzezleek beren pertsonaiak oso modu aske eta intuitiboan eraiki ditzakete. Noski, Calixto Bieitok aukeratutako Shakespeareren testuek marko batean kokatzen ditu, eszena zehazten dute, baina gero aktoreek osatzen dute koadroa.
Zalantza barik, ikusleek Shakespeareren tragedia historikoetarako hurbilketa oso desberdina ikusiko dute: inor ez da epel geratuko.