Bilboko Udalak Gorabide elkartea omendu nahi izan du ostiral honetan, bere 60. urteurrenean, harrera instituzional batekin. Bertan, Juan Mari Aburto alkateak etorkizunean" Gorabideko familia handi honen lankidetza, laguntza eta aholkularitzarekin jarraitzeko itxaropena agertu du".
Jendaurreko hitzaldian, Aburto Alkateak “ekitaldi garrantzitsutzat” jo du “Gorabideren 60. urteurrena ospatzea justizia sozialean sinesten dugun guztiontzat”, eta beren-beregi gogoratu du “duela zazpi urtez geroztik Gorabide Bilboko Ospetsuen zerrenda luzean dagoela, gure hiriaren izena handitu eta Bilbon bizi eta lan egiten dugun pertsona guztion bizitza hobetzeko egindako etengabeko lanagatik”.
“Adimen-desgaitasuna besteengandik ezkutuan gorde beharreko zeozertzat jotzen zuten” garaiak gogora ekarriz, Aburtok Bilbon sei hamarkada hauetan gertatutako aldaketa sakonak aletu ditu: “Gorabidek bertatik bertara ikusi ditu diktaduraren azkentzea, demokraziaren berreskurapena eta indarkeria politikoaren amaiera; eta industria giroko Bilbo gris zikin hartatik, hiri-espazio berriak eta hirigintza zein arkitektura arloetako mugarri berriak agertzen ikusi ditugu, hiri-eredu berri bat sortu arte, gizarte, ekonomia zein ingurumenaren jasangarritasunarekin konprometituta, pertsona guztien garapen betea bermatzearren, guztion aniztasunak barne”.
Azkenik, etorkizunean ere “Gorabideren familia zabal honen lankidetza, laguntza eta aholkularitza” izateko itxaropena agertu du Alkateak, “izan ere, duela 60 urtez geroztik, elkarte honek gogotik lanean dihardu erakundeok pertsona guztientzat gobernatu behar dugula gogora dezagun, eta pertsona guztiek bizi-proiektu duin eta betea garatzeko eskubidea dutela”.
GORABIDE
Gorabide adimen-desgaitasuna duten pertsonen familiez osatutako irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta sorrerako helburua du pertsona horien egoera sozial eta familiarrari buruzko kontzientzia publikoa piztea, lehendik ez zeuden asistentzia-zentroak sortzeaz gain.
Gorabidek adimen-desgaitasuna duten pertsoneidagozkien eskubideen defentsa sustatu du, gizarteko kideak diren aldetik, eta sei hamarkadatan, behar berriak atzeman eta zerbitzu berriak sortzen lagundu du Lantegi Batuak (1983), Futubide (1991) eta antzeko erakundeen bitartez.
Gorabide Euskadiko Fevas-Plena Inclusión erakundeko kidea da, eta hainbat erakunde (Sareen Sarea, Elkarrizketa Zibilerako Bizkaiko Mahaia, Elkarrizketa Zibilerako Euskadiko Mahaia, Compartir Sarea eta Hirugarren Sektoreko Adierazleei buruzko Bizkaiko Foroa) sortzen laguntzeaz gain, Gizarte Berrikuntzarako Foroan eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera eratutako lantaldeetan parte hartu izan du.
2015eko abenduaren 22an, Juan Mari Aburto Alkateak “Bilboko Ospetsua” aintzatespena eman zion Gorabide, adimen-desgaitasun duten pertsonen zerbitzuan egindako ibilbide luzeagatik.