Bilboko Udaleko Gobernu Batzordeak asteazken honetan onetsi berri du salerosketa bidez eskuratzea Artxandan dagoen Nogaro finka, eta 1.689.470 euro ordainduko dira Gestinver 2013 SL sozietatearen alde. "Urrats berri eta garrantzitsua da Artxanda Aktibatzeko Planaren barruan -martxoan izenpetu zuten Plana Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Xabier Zubiaur Sondikako alkateak-", gogoratu du udalak.

Izan ere, proiektuko funtsezko piezatzat jotzen da Nogaro, eskaintzen dituen aukerak kontuan hartuta. Proiektu estrategiko bat da, Artxandako ‘birika berdea’ erreferentziazko leku gisa eratzen duena; batetik, haren kokapenagatik - Txorierriren eta itsasadarraren ardatz egituratzailearen artean dago-, eta, bestetik, hainbat indargune dituelako, ingurune natural berritu moduan garatzeko potentzialari dagokionez.

"Artxandak aukera handiak eskaintzen ditu berraktibatzeko eta dinamizatzeko estrategia bat garatzeko, zeinak bere barruan bilduko baititu natura, aisia, familia, kirola, kultura, historia, gazteria, osasuna eta beste hainbat kontzeptu". Hori guztia erabilera estentsiboko eredu batean oinarritua: asteko zazpi egunetan eta eremu guztian ekipamenduak gaitu eta jarduerak sustatzea.

Ildo horretan, Bilboko Udalak, erabilera ez-intentsibo berriekin oreka naturala eta jasangarria mantentze aldera, beharrezkotzat jotzen du lehendik dauden azpiegiturak eta eraikuntzak garatzea, garatu beharreko jardueren premia logistikoei, mugikortasun-premiei, aparkaleku-premiei eta dinamizazio-premiei erantzun ahal izateko; izan ere, Artxanda Aktibatzeko Planaren erreferentzia fisiko bihurtuko diren zerbitzu- eta ekipamendu-espazioak behar dituzte horiek.

Prozesu horren funtsezko pieza bihurtzeko ezaugarriak -espazioa, aparkalekuak, zentraltasuna, kokapena eta garatzeko aukera- biltzen ditu Nogaro izeneko eraikinaren finkak.

Nogaro, 1970eko hamarkadan

Nogaro 1970eko hamarkadaren hasieran eraiki zen, eta eraberritze-lan handi bat egin zioten 1995. urtean. Eraikinak honako hauek ditu: erdisotoa, beheko solairua, solairuartea eta lehen solairua. Guztira, 3.244,97 metro karratuko azalera eraikia dauka. Hortaz, erabilera anitzeko espazioak eta modu autonomoan kudea daitezkeen instalazioak ditu, eta horrek haren bideragarritasuna, kudeaketa eta mantentze-lanak errazten ditu.

Nogaro finkaren beste potentzialitate bat da partzelak kanpoko azalera handi bat duela, egokia dena Artxanda Aktibatzeko Planaren barruan aurreikusten diren askotariko jarduerak hartzeko.

Horrez gain, aparkaleku asko ditu, eta horrek espazioa dinamizatzea ahalbidetuko du, haren kokalekuaren zentraltasuna kontuan hartuta; izan ere, horrela lortuko da Artxandako inguruneko gainerako aparkaleku-plazak gutxitzea eta oinezkoentzako eremu librea handitzea. Hain zuzen, horretara bideratuta daude, halaber, Deustu eta Egirleta arteko Begiralekuko pasealekuko lan hasi berriak.