BILBO. Abenduaren 21ean martxan jarriko da Bilbao Kirolakek antolatutako 'Gabonetan primeran kirola eginez' programaren edizio berri bat. Aurten 1.128 plaza eskainiko dira.

Gabonetako programa honen bidez, adingabeei aukera ematen zaie beste batzuekin harremanetan sartzeko, ondo pasatu eta kirola egiten duten bitartean. Programa hauetan bizi-ohitura osasuntsuak, taldeko lana eta laguntasuna jorratzen dira, besteak beste. Betiere, indarrean dauden osasuneko segurtasun-neurriak beteko dira eta beraien arabera emango da zerbitzua. Horrez gain, Udalak lana eta familia-bizimodua errazago eta hobeto uztartzen lagundu nahi du.

Bilbao Kirolak-en "Gabonetan primeran kirola eginez" abenduaren 21ean, 22an, 23an, 28an, 29an eta 30ean eta urtarrilaren 4an eta 5ean egingo da, Txurdinaga (480 plaza), Deustu (240 plaza) eta San Ignazio (408 plaza, eta horietako 48 kirol egokiturako) auzoetako udal kiroldegietan.

Jarduerak, betiere, 9:00etatik 14:00etara izango dira, nahiz eta kiroldegietara 8:30etik aurrera sartzeko modua izango den, eta irtetea 14:30era arte. Nahitaezkoa izango da kiroletarako arropa eta oinetakoak, bainu-jantzia, txankletak, toalla eta txanoa ekartzea. Jarduera guztiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.

Abonatuentzat, azaroaren 23tik aurrera (astelehena) hasiko da izena emateko epea, eta abonatuak ez direnentzat, azaroaren 26tik aurrera (eguena). Izena ematea, bestalde, Bilbao Kirolak-en on line zerbitzuen bidez eta kiroldegi guztietako salmentarako makinen bidez egingo da.

Dibertsitate funtzionala duten adingabeentzat gordetako plazak (48 plaza San Ignazioko kiroldegian) Kirol Egokituaren Euskal Federazioaren bidez-Gaituzsport, 622 022 063- erreserbatuko dira.

Jardueren prezioa 10,40 eurokoa da eguneko, abonatuentzat, eta 12,50 euro eguneko, abonatu ez direnentzat. Plazak erreserbatzeko aukera izango da: egun baterako, hainbat egunetarako edo egun guztietarako.

Programa hauek garatzean, indarrean dauden higiene- eta osasun-neurri guztiak beteko dira. Programak aldatu eta/edo eten daitezke, baldin eta osasun-egoerak hala exijitzen badu.