BILBO. Datorren igandean, azaroak 1, Domu Santu eguna ospatuko da. Aurten, koronabirusaren pandemia dela eta, nahitaezkoa izango da segurtasun-neurri guztiak betetzea kanposantuak bisitatzeko orduan. Horregatik, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak kudeatutako Bilbao Zerbitzuak programak hainbat gomendio ezagutarazi ditu, bisitarien zein langileen osasuna bermatzeko.
Jardueraren ohiko areagotzea eta koiuntura bera aurreikusita, Bilbao Zerbitzuakek, hilerriak irekitzeko eta ixteko ordutegiak zabaltzeaz gain, segurtasuna bermatzeko osasun neurrien protokoloa ere diseinatu du.
Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko Zinegotzi Eskuordeak azaroaren 1aren aurreko egunetan ohiko bisitak aurreratzeko deia egin die herritarrei. Yolanda Diezen ustez, "funtsezkoa da herritarrek irizpide hori eurenganatzea. Izan ere, aurten Domu Santu egunean jende pilaketak saihestu behar ditugu, eta, gainera, festa asteburu luze batean dagoenez, ahalik eta bisita mailakatuenekin ospatzeko gomendioa egiten dugu", adierazi du.
Halaber, gogorarazi duenez, "Bilbao Zerbitzuakek planifikatu dituen eta une oro egoeraren bilakaeraren mende egongo diren neurri horiek, agintari eskudunek ezarriko dituzten jarraibideetara egokituko dira".
Bilboko biztanleek, ahal den neurrian, hilerrietara aldez aurretik eta modu mailakatuan joatea errazteko, azken orduko pilaketak saihestuz, Bilbao Zerbitzuakek honela luzatu ditu udal hilerriak bisitatzeko egunak eta ordutegiak:
Bilboko hilerria, urriaren 26tik azaroaren 2ra, 08:00etatik 19:00etara.
Deustuko hilerria, urte osoan, 08:00etatik 15:00etara eta azaroaren 1ean 08:00etatik 18:00etara.
Bilbao Zerbitzuakek osasun neurriez osatutako protokoloa diseinatu du, Bilboko udal hilerrietara egingo diren bisitak seguruak izan daitezen, Covid-19aren garai honetan. Azpimarragarrienen artean hauek daude:
- Hilerrira hilobi bakoitzeko gehienez familia taldeetan 6 pertsona joatea, eta gehienez 45 minutuz egotea gomendatzen zaie herritarrei.
- Covid-19arekin bateragarriak diren sintoma ohikoenetako bat duten pertsonek (sukarra, hotzikarak, eztula, aire faltaren sentsazioa, usaimena eta dastamena gutxitzea, eztarriko mina, muskuluetako mina, buruko mina, ahultasun orokorra, beherakoa edo gorakoak€) etxean egon beharko dute, eta ezin izango dute etxetik irten eta, ondorioz, hilerrira joan.
- Sei urtetik gorako pertsonentzat nahitaezkoa da maskara erabiltzea, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere, baita bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan daudenean ere, hilerrian, besteak beste.
- Pertsonen arteko segurtasunezko distantzia gutxienez 1,5 metrokoa izateko betebeharra kaltetu barik.
- Oro har, eta ezartzen diren beste arau edo protokolo espezifiko batzuk aplikatzeari kalterik egin gabe, Bilboko udal hilerrietan garbiketa, higiene, desinfekzio eta prebentzio neurriak hartu dira, azaroaren 1ean Bilboko udal hilerrietan egingo den erabileraren ezaugarriak eta intentsitatea kontuan izanda.
- Hilerriko sarrera nagusian gel hidroalkoholikoa hornitzeko lau puntu jarriko dira bisitarien esku; bi puntu kaperarako sarbidean; eta beste bi puntu Derioko Mungialde etorbideko sarreran. Horrez gain, gel hidroalkoholikoa hornitzeko ohiko puntuak egongo dira Bilboko errausketa-labera eta Bilbao Zerbitzuaken bulegoetara sartzeko puntuetan, ohi bezala.
- Urriaren 19tik 21era, Kapera osorik eta sakon garbitu eta desinfektatu da, eta hormetan, kasetoiduretan eta sabaietan zegoen hautsa xurgatu da, beirateak eta altzariak sakon garbitu dira eta zoruak tratatu eta leundu dira.
- Azaroaren 1ean, erabilgarri dauden hiru komunak garbitzeko zerbitzua indartuko da, egun osoan zehar eten barik. Pertsona bat horretan arituko da komun bakoitzean.
- Badaezpada, euren hilarriak garbitzeko bisitarien eskura jarri ohi diren ureztagailu guztiak iturrietatik kendu dira.
- Bilbao Zerbitzuak erakundeko Zuzendaritzak Bilboko udal hilerrirako sarbidea aldi baterako etetea agindu ahal izango du, edukiera ez gainditzeko.
- Hilerriko sarbideetan, bisitariek covid-19arekin erlazionatuta hartu beharreko higiene eta segurtasun neurriei buruzko informazio kartelak jarriko dira, eta hilerriko megafoniak ere neurri horien berri emango du aldizka.
Kaperari dagokionez, meza hasi baino 15 minutu lehenago ireki eta amaieran itxi egingo da, eta gainerako orduetan itxita egongo da. Kaperarako sarbidea 78 pertsonara egongo da mugatuta, eta kontrol horren ardura meza emaileena izango da.