BILBO. Gaur goizean, hilak 22, Bilboko Udalak akordio bat sinatu du El Corte Inglésekin. Hitzarmen horren helburua Bilbon mugikortasun osasungarri eta jasangarriko politikak eratu eta sustatzea da, guztion artean hiri jasangarriago bat lortzeko asmoz. Bilera horretan Bilboko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkari Alfonso Gil eta El Corte Ingésen Euskal Herriko eskualde-zuzendari Enrique Casado izan dira.

Bilera Mugikortasunaren Europar Astearen kariaz egin da, eta bat dator Europak aurtengo urterako hautatu duen europar goiburuarekin, “isuririk gabeko mugikortasun baten alde”, zeinaren bidez agertzen baita 2050 urterako ikatz isurietan neutraltasuna lortzeko asmo handia, Europar Itun Berdean jasota datorrena. Halaber, leloak orobat azpimarratu nahi du garrantzitsua dela zero isuriko garraio-sistemetarako irisgarritasuna eta pertsona guztientzako sistema inklusiboa sustatzea.

Bilera gaur goizean egin da, eta, bertan, Enrique Casado El Corte Inglésen Euskadiko eskualde-zuzendaria prest agertu da Bilboko Udalarekin elkarlanean jarduteko, mugikortasunaren inguruko ekimenak gauzatzearren, bat etorriz, “El Corte Inglések ingurumenaren alde beti agertu duen konpromiso etengabearekin, zeinaren emaitza izan baita, aspalditik hona, jasangarritasunaren aldeko mugimendu bat abian jartzea, asmo handikoa, ingurune osasungarri, jasangarri eta oparo bat eraikitzearren".

“Mugimendu horrek", azaldu duenez, "aldaketa bat ekarri du gure produzitzeko eta kontsumitzeko moduan, eta orobat ekarri du zentro batzuetan eta besteetan gauzatzen ari diren ekintza mordo bat, hala Bilbon nola antolakunde osoan”.

Bestalde, Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkaria ere prest agertu da ekimen horien alde egiteko, eta berak zuzentzen duen Saila eskaini du El Corte Inglési aholkua eta laguntza teknikoa emateko, laneko mugikortasun osasungarri eta jasangarriko plana egin ahal izan dezan.

Bilboko Udalak oraintsu aurkeztu du laneko mugikortasuneko bere plana, eta Bizkaiko hiriburuko enpresa eta erakunde guztiei eskaini die laguntza, zeinek bere arloan bere estrategiak ezar ditzan, HMJPak berak (Hiri Mugikortasun Jasangarriko Plana) Bilbon 50 enplegatu baino gehiago dauzkaten enpresa guztientzat gomendatzen duen bezala, estrategia horiek balia daitezen lanera joateko bidaietan automobilaren erabilera murrizten laguntzeko eta garraio publikoaren erabilera gehitzen laguntzeko tresna gisa.

KONPROMISOA HIRIAREKIN

El Corte Inglések, duela hainbat urtetik hona, produzitzeko eta kontsumitzeko modua aldatzeko prozesu bat darama, ekintza mordo bat ezarriz bere zentroetan, hala Bilbon nola erakunde osoan.

Hara hemen enpresa horrek gauzatutako ekintzarik nabarmenenetako batzuk:

  • Zero hondakin: hauxe da une honetan asmo handiena dakarren proiektua jasangarritasunaren arloan. Bilboko eta Euskadi osoko El Corte Inglésen zentroetan (direla saltegiak edo logistika plataformak), egokitzen eta prestatzen ari dira datozen hilotan Aenorrek ematen duen zero hondakinen ingurumen-ziurtagiria lortzeko. Ziurtagiri horrek ziurtatuko du El Corte Inglések bere hondakinen % 90 baino gehiago balorizatzen dituela, haien ibilbidearen azken helmuga zabortegia izatea eragotziz. Era berean, prozesuak optimizatuz, ekonomia zirkularra sustatzeko modua aurkitu du konpainiak, zeren eta berrerabiltzea eta birziklatzea lehenesten baititu, hondakinak lehengaitzat erabiliz prozesu berrietarako edo produktu berrerabilietarako.
  • Energia: El Corte Inglések kontsumitzen duen argindarraren % 100 berriztagarria da. Gainera, aldatu egin du Euskadiko saltegietako argiztapena, Led teknologia ipinita, energia kontsumoa gutxitzearren eta ahalik eta jasangarriena izan dadin lortzearren. Halaber, hainbat neurri ezarri ditu, garrantzi handikoak, hotz eta aire girotuko makinetan, energia aurrezteko bidea emanez eta kutsadura nabarmenki urrituz.
  • Auto elektrikoak kargatzea: aspaldi da El Corte Inglések aparkalekuetan partzelak prestatu zituela auto elektrikoak kargatzeko, eta aurki beste hainbat ezarriko ditu.
  • Mandatuak bizikletaz bidaltzea: gure saltegietatik gertu bizi diren bezeroen mandatuak triziklo elektrikoen bidez helarazten dira, eta, hala, furgonetak erabili beharrik gabe, kutsadura murrizten da.