BILBO. Hurrengo astelehenean, hilak 15, San Inazio eta Zorrotzako udal kiroldegien berrirekiera izango da. Pasa den astelehenean Artxandakoa ireki zen, eta ostiralean, aldiz, Txurdinaga eta Errekaldekoak irekiko dira. Uztailaren 1ean Miribillakoaren txanda izango da, eta espero da irailerako Bilboko udal kiroldegi guztiak irekita egotea.

Instalazio horietako zerbitzuak ere ari dira apurka-apurka irekitzen. Astelehenean, San Inazion eta Zorrotzan, barrualdeko igerilekuak irekiko dira, eta baita ere solarium eremuak, atletismo pistak eta padel eta tenis zelaiak, pilotalekua eta squash zelaia. Joan den ekainaren 8tik, astelehenetik, Artxandan erabiltzeko moduan daude kanpoaldeko igerilekuak, solarium eremuak eta tenis-zelaia, padel-zelaia eta pilotalekua.

Berrien artean, jakitekoa da San Inazioko eta Zorrotzako instalazioetako edukiera % 50 izango dela, eta Artxandakoa, momentuz, % 30 izango dela. Ekainaren 15etik aurrera, dutxak eta aldagelak erabili ahal izango dira instalazio guztietan, baina ez erabiltzea gomendatzen da. Altzariteria publikoa, hala nola lehorgailuak eta iturriak, ez erabiltzea ere gomendatzen da.

IGERILEKU ESTALIAK ETA SOLAIRUM-A

San Inazioko eta Zorrotzako igerileku estaliek erabilera nahastua izango dute: 3 kale igeri egiteko gorde dira, erabiltzaileek 15 minutu gehien jota izango dituzte eta kale bakoitzean pertsona bakarra egongo da. Igerilekuaren gainerako eremua, erdia, bainu librerako eta jolaserako izango da. Nahitaezkoak izango dira toalla, txankletak eta bainu-jantzia, eta gomendatzen da txanoa eta betaurrekoak erabiltzea.

San Inazioko solarium eremuan, edukiera 125 pertsona izango da; eta Zorrotzan, 100 pertsona. Eremuan guneak bereizi dira, Artxandan bezala, erabiltzaileek elkarren artean gorde beharreko tartea gorde dezaten.

Igerileku estalien eta solariumaren ordutegia 10:00etatik 14:00etara izango da, goizean, eta 16:00etatik 20:00etara, arratsaldean. Eguerdiko etena garbiketako langileentzat da, igerilekuetako eremuak desinfektatzeko.

JOKO ZELAIAK

Tenis eta padel zelaietan eta pilotalekuan, gehienez ere 4 pertsona izango dira zelai bakoitzeko, eta squash-aren kasuan, 2 pertsona izango da gehienezko muga. Atletismoko pista 60 pertsonak erabili ahal izango dute batera, gehienez ere, baina taldeak 20 lagunekoak izango dira, gehienez ere; hala ere, ezingo dute elkar ukitu.

Gomendatzen da joko zelaietara dena delako jarduerarako propio behar den kirol jantziekin eta kirol oinetakoekin sartzea, eta erabiltzaile bakoitzak bere ur botila eroatea.

Erraketa kiroleko zelaietarako eta atletismo pistarako ordutegian ez da etenik izango: 10:00etatik 20:00etara.

AURRETIKO HITZORDUA

Instalazioetara eta solarium guneekiko igerileku zerbitzuetara sartzeko edo erraketa-kiroletako zelaietara sartzeko, beharrezkoa da ALDEZ AURRETIK HITZORDUA eskatzea, igerileku estalietan igeri egiteko izan ezik. Hitzordua hemen eska daiteke: web de Bilbao Kirolak; gehienez ere 48 ordu lehenago eskatu ahalko da. Era horretan, interesa duten abonatuek erreserba eskatu ahal izango dute San Inazioko eta Zorrotzako instalazioetarako, ekainaren 13an 10:00etatik aurrera (zapatua).

Ekainean Bilbao Kirolak erakundeko abonatuek bakarrik erabili ahal izango dituzte instalazioak, aurrez ordua eskatuta. Uztailean aztertuko da ea abonatu gabeko pertsonentzat ere irekiko ote diren instalazioak.

HIGIENE- ETA KONTROL-NEURRIAK

Inor ere ezingo da sartu instalazioetara aldez aurreko hitzordurik gabe: Bilbao Kirolak erakundearen web orrian eskatu ahalko da. Igerileku estalietan igeri egiteko ez da aurreko hitzordua hartu behar.

Bilbao Kirolak erakundearen kiroldegietako sarreretan, erabiltzaileek garbitu egin beharko dituzte eskuak gel desinfektatzailearekin: instalazio bakoitzeko kontrol gunean aurkituko dute. Oinetakoak ere desinfektatu egingo dira. Erabiltzaileek gel hidroalkoholikoa banatzeko gailuen hainbat gune aurkituko dituzte, instalazioetan han eta hemen.

Musukoak nahitaezkoak izango dira instalazioen barruetara sartzeko; elkarren arteko tartea gorde ezin denean erabiliko dituzte. Sartzeko eta irteteko zirkuituak bereizi eta ezarriko dira, itxaroteko guneak ere zedarrituz.

Langileek pantailazko musukoak erabiliko dituzte, beharrezko baderitzote, eta gel desinfektatzailea ere bai. Harrera egiteko guneetan, babeserako pantailak egongo dira ipinita, eta kontroleko langileak eta sorosleak antolatuta egongo dira instalazioak eta igerilekuak behar den bezala dabiltzala ziurtatzeko.

Ur-mailen kontrolak areagotuko dira, eta espazioak eta materialak garbitzeko eta desinfektatzeko maiztasuna areagotuko da.

#BILBAOUDA2020

Bilbao Kirolak erakundearen instalazioak apurka-apurka irekitzeko plana #BilbaoUda2020 ekimenean dago jasota, zeina Bilboko Udalean landu baita koordinatuki, Uriak aurtengo udan ere kirol, kultur eta musika jarduerak izan ditzan, besteak beste.