BILBO. Bilboko Udalak diru laguntzak eskatzeko epea ireki du gaur, eta guztira, 2.903.527 euro banatuko ditu. Diru laguntzen programa "osagarri garrantzitsua da" udal sailek irabazi asmorik gabeko erakundeen bitartez martxan jartzen dituzten jardueretarako. Diru laguntzak eskatzeko epea otsailaren 18ra bitartean egongo da zabalik.
Laguntzaren bat jasotzeko aukera izango dute gizarte itzulkin garrantzitsuko proiektuak garatzeko interesa duten erakundeek, udal jardueraren osagarriak eta udal sailen helburuak betetzeko lagungarriak badira, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.
Diru laguntzen eskaerak aurkezteko hiru bide dituzte erakunde interesdunek: sarean, www.bilbao.eus webgunearen bitartez; herritarren arretarako bulegoan; eta barrutietako udaltegietako bulegoetan, haietan baitago prozesu osoko dokumentazioa. Izapideak erraztu eta zalantzak argitze aldera, kontsultak egiteko telefonoa jarri da: 010 / 944 010 010, 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik igandera.
Gainera, diru laguntzei buruzko informazio orokorra emateko bi saio antolatuko dira: urtarrilaren 14an, gaztelaniaz, eta urtarrilaren 15ean euskaraz, Ibaiondoko Udaltegian (Bolsa eraikinean), 18:30etik 21:30era. Saioetarako aldez aurretik izena eman daiteke 010 / 944 010 010 telefonoetan (erakundeko pertsona bat).
Era berean, Ibaiondoko Udaltegian bertan bi informazio saio berezi egingo dira: Garapenerako Lankidetza eta Giza Eskubideen esparruari buruzkoa urtarrilaren 16an, 17:00etatik 20:00etara, eta Genero indarkeriaren prebentziorako ekimenei buruzkoa urtarrilaren 17an, 17:00etatik 20:00etara.
Halaber, eskariak aurkeztu ez eze, Bilboko Udalaren web orriaren bidez tramitazioa zertan den ere kontsultatu ahalko da. Hartara, erakundeek onartutako ziurtagiri elektronikoaren bidez edo Bilboko Udalaren web orrian sartzeko pasahitza erabilita, interesdunek 2019ko edo lehenagoko (2007tik aurrerakoak) eskariak zertan diren kontsultatu ahal izango dute.
Erakundeek zuzenean begiratu dezakete web orrian zein deialditara aurkez daitezkeen, betiere nolako ezaugarriak dituzten kontuan hartuta. Inprimakiak errazago bete eta oinarriak eta beste agiri batzuk hobeto ulertu ahal izateko, agiri batzuk irakurketa errazeko formatuan daude eskuragarri.
DIRU LAGUNTZAK
Bilboko Udalak 2.903.527 euro bideratuko ditu diru laguntzen 2019ko deialdira, 12 esparru eta 26 laguntza ildotan banatuta. Horrela, Gizarte Ekintzan 160.000 euro banatuko dira, eta Garapenerako Lankidetza eta Giza Eskubideen arloan 1.872.827 euro.
Kulturaren esparruan 129.200 euro banatuko dira, Hezkuntzan 173.800 euro eta Euskararen inguruko ekintzetan 160.000 euro (30.000 euro eskoletako programetan eta 130.000 euro euskararen erabilera sustatzeko jardueretan).
Halaber, Jaien inguruko ekintzak laguntzeko 63.000 euro emango dira, Immigrazioaren esparrukoak babesteko 35.000 euro, eta Gazteria arlokoak laguntzeko 70.000 euro. Azkenik, Ingurumena babesteko jardukete artean 50.000 euro banatuko dira, berdintasuna sustatzera eta genero indarkeriarekin amaitzeko arlora 60.000 euro bideratuko dira, Partaidetza eta Barrutien alorrera 24.800 euro eta Osasun eta Kontsumora 104.900 euro.