BILBO. Material piroteknikoarekin kontuz ibili behar dela gogorarazi du Bilboko Udalak, Gabon zaharra heltzear dagoela. Gainera, material piroteknikoa baimenik gabe sal ez dadin kontrol zorrotza egiten ari dira.

Bilboko Udalak Gabonetan material piroteknikorik ez erabiltzea aholkatu eta gogorarazi du material hori erabiltzeak eta manipulatzeak arriskuak dakartzala pertsonen segurtasunerako eta uriko ondarerako. Petardo eta suziriak behar bezala erabiltzen ez direnean, erabiltzaileak erredura eta zauri larriak izan ditzake. Hartzen duten norabidea aurreikusi ezin denez, besteentzat ere arriskutsua izan daiteke.

Ildo horretan, Bilboko Udaltzaingoak eta Bilboko Udaleko Babes Zibil eta Larrialdietakoek gizalegearen aurkako horrelako jarreren aurrean herritarren laguntza areagotzeko deia egin dute, eta gogorarazi dute egunotan material piroteknikoa baimenik gabe sal ez dadin kontrol zorrotza egiten ari direla.

Bilboko Udaltzaingoa ikuskapenak egiten ari da material piroteknikoa legez kanpo saltzen ote den ikusteko. Gabonetako kanpainako lehenengo egunetan, Udaltzaingoak 9 kilo material pirotekniko konfiskatu da merkataritzako 2 lokaletan.

2017ko Gabonetan, Udaltzaingoak kanpaina handia egin zuen material piroteknikoaren legez kanpoko salmenta zaintzeko eta kontrolatzeko. 80,97 kilo konfiskatu zituen. Hain zuzen ere, 13 okupazio egin zituen; horietako 8 establezimenduetan eta 5 kalean. Aurreko urteetan baino dezente gehiago. 2016an 22 kilo konfiskatu zituzten eta 2015ean 37 kilo.

Konfiskatutako material kopuruak gora egin duenez, Bilboko Udalak herritarrei dei egin die material piroteknikoa maneiatzeak segurtasunerako ekar dezakeen arrisku handiaz jabetu daitezen eta bide batez, eskatu nahi die aurtengo Gabonetan, batez ere Gabon Zaharretan, suziririk eta petardorik ez jaurtitzeko eskatu du.

Bestetik, suziri eta petardoak hiriko eraikin eta altzarien aurka jaurtitzen direnean, leku horietan daudenentzako arrisku erantsia dago eta bilbotar guztien ondarea kaltetu daiteke.

Egoera larriagoa da gai horien erabiltzailea adingabekoa denean. Gainera, suziriak botatzen diren gehienetan auzokoei eragozpenak sorrarazten zaizkie eta ordena publikoa kaltetu.

Iazko Gabonetan, suziri gehien jaurtitzen diren hiru egunetan -Gabon gauean, Gabon zahar gauean eta Urteberri egunean- Bilboko suhiltzaileek 51 irteera egin zituzten eta horietako 17 suteak izan ziren. Zaborrontziak, olanak eta sastrakak erre ziren. Egin-eginean ere, Gabon zaharretan 10 sute gertatu ziren edukiontzietan, sastraketan eta balkoi batean.

Material piroteknikoa erabiltzearekin zerikusia izan zuten sute horiek guztiek. Hori dela-eta, Bilboko Udalak herritarrei eskatzen die gai piroteknikoen erabilerak dakarren arriskuaz jabetu daitezen eta ahal dela, halakorik ez erabiltzeko.

Udaltzaingoaren ikuskapenak

Egun hauetarako, Bilboko Udaltzaingoak zenbait agente jartzen ditu beren-beregi ikuskapenak egiteko goizez eta arratsaldez Bilboko saltokietan. Ikuskapen horiekin batera, kaleko salmenta ere zorrotz zainduko du Gabonetako eta merkealdietako kanpainetan.

Orain arte 9 kilo material pirotekniko konfiskatu da merkataritzako 2 lokaletan.

Bilboko Udaltzaingoaren helburua zero kotara heltzea da, hots, legez kanpo saldutako suziri bat ere ez egotea eta inor ez izatea lesionatua edo zauritua.

Kanpainaren helburuak:

? Material piroteknikoa baimenik gabe saldu, biltegiratu eta edukitzearen aurka egitea, zaintza- eta kontrol-lanaren bidez.

? Material hori baimenik gabe daukatenak eta behar ez bezala edo modu arriskutsuan erabiltzen dutenak harrapatzea, horretarako segurtasun, lasaitasun eta ordena publikoko arrazoiak daudenean.

? Materiala konfiskatzea eta dagokion salaketa jartzea.

? Konfiskatutako materiala gordailuan uztea eta zaintzea, segurtasuneko baldintza egokietan.

Ohiko bizilekutik kanpo luzaroan egoteko asmoa badaukagu, argia, ura eta gasaren giltzak itxi eta ateak eta leihoak ere ondo itxi ?sarrerakoari ere giltza eman behar zaio-. Ezezagunei ez zaie esan behar etxebizitzan ez garela egongo. Bidaian jarri baino lehen, ziurtatu errepideen egoera eta aztertu ibilgailua. Gidatu beti arretaz, eta gogoratu garrantzitsuena itzultzea dela, eta ez beste ezer.