BILBO. Bilbok heriotza-zigorraren kontrako ekimena burutuko du gaur arratsaldean, “Bizitzaren aldeko Hirien Munduko Eguna” dela eta. Horretarako, 18:00etatik 21:00etara Arriaga Antzokiko fatxada horiz argiztatuko dute abolizioa eskatzeko sinbolotzat.

Gainera, udaletxe ondoko inguruetan pantaila erraldoi bat ere ipiniko da, heriotza-zigorraren aurkako mezuekin, eta, karpa batean, boluntarioak arituko dira herritarrei aldarrikapen honen berri ematen. Urtero, azaroaren 30ean mundu guztiko hainbat eraikin berezi argiztatzen dituzte heriotza-zigorraren abolizioa eskatzeko.

Sant´Egidioko komunitateak, Heriotza Zigorraren aurkako Munduko Koalizioaren laguntzarekin, abian jarritako ekimena da “”. Koalizio horren barruan daude Nazioarteko Amnistia eta mundu osoko 60tik gora erakunde eta abokatuen elkargo, sindikatu eta eskualdeetako eta udaletako agintaritza daude.

Azaroaren 30ean ospatzen da heriotza-zigorraren munduko aurreneko abolizioaren urteurrena. Toscanako Dukerri Handian jazo zen 1786an. Munduko eguna, berriz, 2002az geroztik ospatzen da, heriotza-zigorraren abolizioa bultzatzeko.

Gaur egun, herrialde guztien bi herenak indargabetu du heriotza-zigorra legez edo praktikan. 106 herrialdek delitu guztietarako indargabetu dute heriotza-zigorra, eta 142k legean edo praktikan indargabetu dute. Hala, Nazio Batuetako kide diren 193 estatuen artetik 123 herrialdek 2018ko azaroan Nazio Batuetako Batzar Nagusiaren ebazpen baten aldeko botoa eman zuten, exekuzioen atzerapena ezartzeko.

Dena dela, herrialde askok dute oraindino heriotza-zigorra eta asko dira urtean exekutatzen dituztenak. 2017an, 993 gutxienez, 23 herrialdetan (Txinako hilarazteak kontatu gabe, hango datuak ezin jakinik), eta horrek esan nahi du iaz baino % 4 gutxiago izan direla.