BILBO. Bilbok Singapurren egingo den World Cities Summit ekimenean parte hartuko du aurten ere, uztailaren 8tik 12ra. Bertan, Zorrotzaurre uhartearen proiektua aurkeztuko da. Horrela, garapen ekonomikoa bultzatzatu nahi da Invest In Bilbao plataformaren bitartez.

Bilbo beste urte batez egongo da Alkate eta Hirien Munduko Foroan. Gaur hasiko da Singapurren, eta uztailaren 12ra arte iraungo du. World Cities Summit hirietako garapen jasangarriari eta gobernantzari buruzko munduko goi-bilera bat da, non ehunka pertsona bilduko diren, gobernuetako liderrak, politikariak eta sektore pribatuko adituak, besteak beste. Hiriak bizitzeko egokiagoak eta jasangarriak izan daitezen lortzeko erronkak jorratzen dira nazioarteko jardunaldian.

Aurten, 6. edizioan, udaleko Alkatetza, Giza-Baliabide eta Kontratazioko zinegotzi Gotzone Sagardui izango da Bilboko ordezkaritzaren burua. Udal-taldearen iritziz, topaketa hau aukera bikaina da hiribilduaren arrakastarako gakoak eta etorkizunean izango dituen erronkak sustatzeko, bai eta ekonomia sustatzeko zein inbertsioak, sektore estrategikoak eta gobernantza erakartzeko aukera ere, besteak beste.

Hau izango da aurtengo goi-bileraren goiburua: “Liveable and Sustainable Cities: Embracing the Future through Innovation and Collaboration”. Bertan, halaber, bost kontinenteetako ehunka hiritako alkate eta politikari garrantzitsuak bilduko dira.

BILBOKO ORDEZKARITZAREN AGENDA

Uztailaren 8an, igandean, Bilboko ordezkaritzak World Cities Summit alkateen foroan parte hartuko du, non Bilboko ikuspegia partekatuko duten, Bilbo hiri jasangarriagoa eta inklusiboagoa izan dadin lortzeko politika publikoak planeatzeko orduan lantzen den lankidetza publiko-pribatuari eta herritarren parte-hartze prozesuei dagokienez.

Nabarmendu behar da, halaber, egun horretan bertan lanerako gosari bat izango dutela Lee Kuan Yew saria irabazi duten hirien ordezkaritzek. Singapurreko Garapen Nazionaleko Ministerioko agintaririk garrantzitsuenak eta sari hori irabazi duten bost hirietako (Bilbo, New York, Suzhou, Medellin eta Seul) ordezkariak bilduko dira topaketan.

Uztailaren 9an, astelehenean, lehenengo bilera egingo da eta, gero, Lee Kuan Yew sariarekin zerikusia duten ekitaldietan parte hartuko du Bilbok. Aurten, Seul hiriari emango zaio saria. Koreako hiriak, hain zuzen ere, hiria aurkezteko hitzaldi bat eskainiko du. Bestalde, Lee Kuan Yew saria emango diote zeremonia ofizial batean.

Uztailaren 10ean, asteartean, World Cities Summit delakoan parte hartuko duten hirientzako gobernantzarako, plangintzarako eta berrikuntzarako hainbat jardunbide aztertuko dira. Bilbok egiteko garrantzitsua izango du gobernantza onari buruzko saioan. Hauexek dira egun horretako saioetan jorratuko diren beste gai batzuk: 3 aldeko lankidetza (herritarrak, sektore publikoa eta sektore pribatua); hirien etorkizuneko finantzaketa; hirigintza-plan integratzaile eta inklusiboak; ingurumenari eta ekonomiari dagokionez jasangarriak diren hiriak; edo erresilientzia soziala.

Uztailaren 11n, asteazkena, eta uztailaren 12an, osteguna, enpresa- eta erakunde-topaketak egingo dituzte ordezkaritzek, eta Bilboren kasuan alde biko bilerak antolatu dira Bristol, Medellin, Rotterdam eta Seul hirietako alkateekin, bai eta Espainiak Singapurren duen enbaxadako enbaxadore eta merkataritza-aholkulariarekin ere. Bileretan, nazioartekotzeko estrategiak partekatu ahal izango dituzte hiriek, eta 2018. urtean Bilborentzako ekitaldi garrantzitsuetan lankidetza eragiteko bideak baloratu ahal izango dituzte, hala nola Gizarte Ekonomiaren Foroa (GSEF), 2018ko urriaren 1etik 3ra.

ZORROTZAURRE: BIZITZEKO UHARTEA

Bilbok, oraingo honetan, Zorrotzaurre uhartearen proiektuaren berri emateko berariazko saio batzuk eskainiko dizkie bertaratzen direnei, aukeretarako eremu gisa eta inbertsioak erakartzeko. Horrela, garapen ekonomikoa bultzatuko da Invest In Bilbao plataforma euskarri delarik. Zorrotzaurreko uhartearen garapen-plana Bilboko hiri-berroneratzea erdiesteko azken operazioa da. Era berean, proiektu integral eta jasangarri bat dugu, zeinaren bitartez industria-barruti zahar bat barruti teknologiko bati lotutako eremu berri batekin konektatzen duen, honako hauek dituena: etxebizitza irisgarriak, enpresak ezartzeko eremu ez kutsatzaileak, askotariko gizarte- zein kultura-ekipamendu eta -tresnak eta aisialdirako eremu asko.