BILBO. Bileraren ostean, Bilboko alkateak eta Hannoverko alkateak mundu osoko erakunde turistiko, aireportu eta airelineetako mila ordezkari baino gehiago biltzen dituzten stand-ak bisitatu dituzte. Ibilbidean zehar, hauxe nabarmendu du Bilboko alkateak: “Bilbo eta Hannover elkarren arteko antz handia duten hiriak dira: gure ekonomia industrian eta enpresa-ehun sendoetan oinarritzen dugu, bai eta turismo-potentzial garrantzitsuan ere. Horrenbestez, bi hiriok aukerak aztertzeko eskaintza garrantzitsu bat dugu, etorkizuneko ibilbide eta aireko helmuga gisa”.

Bestalde, Juan Mari Aburtok modu oso positiboan baloratu du Bilbo aukeratu izana Routes ekitaldiko aurtengo edizioaren egoitza gisa: “2018. urteko Europako Hiririk Onena da Bilbo, eta, gainera, Atlantikoko ardatzera sartzeko ate nagusietako bat da. Hiria erreferentzia garrantzitsua da zonan, eta turismorako eta merkataritzarako erakargarri ugari ditu. Lehen mailako garraiorako azpiegiturak daude bertan. Routes, beraz, aukera paregabea da Bilboren ateak munduari zabaltzeko, eta gure hiriak nazioartean leku hobea lortzeko”.

ROUTES EUROPE 2018

Routes Europe 2018 egiten ari dira BECen, baina, hala ere, 3 lurralde historikoetan izango du oihartzuna. Kongresuari esker, nazioartean hobeto ezagutuko dituzte Bilbo, Bizkaia eta Euskadi, eta onura ekonomikoak ikusiko ditugu gurean. Sektoreko 1.100 profesional baino gehiago daude foroan: 110 airelinea eta 300 aireportu, garraio- zein turismo-autoritate. Sektoreko lehen mailako hizlariak bilduko dira.

Aireportuak nahiz erakundeak aireko konpainia nagusiekin harremanetan jartzeko topagune nagusia da. Ekitaldia gaitasun operatiboa eskaintzen dutenentzako (aireportuak) elkargunea da, eta, hain zuzen ere, SLOTS direlakoen gaitasun segmentatua edo adjudikatutako denborazko segmentuak eta aire-konpainiek horiek eskatzeko maila da hori.

Routes 2018 aukera paregabea da ordezkariek Bilboko, Bizkaiko eta Euskadiko azpiegiturak, bertako aireko trafikoa eta merkataritza-jarduera ikusteko, bai eta gainerako garraiobideekin duen intermodalitatea ere, bai pertsonentzako, bai salgaientzako. Horrela, horiei lotutako aukera berrien berri izango dute.

Euskadik, halaber, bertoko turismo-potentziala erakutsi ahal izango du Routes ekimenean, ekitaldian beren-beregi egingo duen sustapenaren bitartez.