BILBO. Kirola egiteko aukera berriak izango dituzte 55 urtetik gorako pertsonek izan ere, apirilaren 24tik ekainaren 8ra bitartean garatuko da Sarriko, Zorrotza, Abusu, “harritxoak” eta Elexabarri kaleko parke bio-osasungarrien ondoan. Doakoa da eta parte hartzeko ez da izena aurretik eman behar.
Bilboko Udalak kirola uriko kaleetara atera du eta abian jarri du, iazko esperientziaren ostean bigarren urtez, “Bizimodu Aktiboa Parkeetan” programa, adinekoen artean ohitura osasungarriak sustatzeko. Jarduera honen bidez, gainera, adinekoek egiten duten kirola ere ikusgai jartzen da. Azken xedea adinekoen bizimoduaren kalitatea hobetzea da, hain zuzen, zahartze aktibo eta osasungarria ahalbide dezaten espazioak eta jarduerak sustatuz.
“Bizimodu Aktiboa Parkeetan” programa sasoi onaren eta osasunaren arteko orekari eutsi gura dioten 55 urtetik gorakoentzat da, zahartzeak berekin dakarren inboluzio fisikoaren prozesuari hobeto aurre egiteko. Jarduera fisiko leuneko programa da eta onik irauteko ariketak, jolasak, kirolak eta erritmo-ariketak uztartzen ditu. Monitore espezializatu batek zuzenduko ditu saio guztiak.
Bilboko Udalak adin eta baldintza fisiko guztietako bilbotarren artean, baita zaharrenen artean ere, kirola sustatzeko egiten duen kanpainaren barruan dago jarduera hau. Kanpaina hauxe da: “Eman kirolari. Sumáte a la práctica del deporte”.
EGUTEGIA
Jarduerak apirilaren 24tik (martitzena) ekainaren 8ra arte izango dira, uriko parke bioosasungarrien ondoan. Jarduera doakoa da eta ez da aurretik izena eman behar. Parte-hartzaileak zenbat-gura saiotara joan daitezke.
Martitzenetan:
10:00etatik 11:00etara, Sarriko plazan.
12:00etatik 13:00etara, “harritxoetan” (estalita).
Eguaztenetan:
10:00etatik 11:00etara, Zorrotzan (estalita).
12:00etatik 13:00etara, Elexabarri kalean.
Eguenetan:
10:00etatik 11:00etara, Abusun.
2017ko BALANTZEA
Iazkoaren ostean, aurtengoa “Bizimodu Aktiboa Parkeetan” programaren bigarren edizioa da. Iazko arrakasta kontuan hartuta berriro antolatzea erabaki dute. Iaz, lehenengo asteak iraganda, batez besteko parte-hartzaileak astean 100 pertsona izan ziren.
Parte-hartzaileen % 90 emakumeak izan ziren. Adinari dagokionez, zaharrenak 92 urte zituen eta gazteenak 56. Erabiltzaileen batez besteko adina 70 eta 75 urte bitartekoa izan zen.
Pasaden urteko balorazioetan, parte-hartzaileek oso positibo baloratu zuten aire zabalean kirola egiteko aukera.
BILBAO KIROLAK ERAKUNDEAK ADINEKOENTZAT DUEN ESKAINTZA
“Bizimodu Aktiboa Parkeetan” “Bizimodu Aktiboa” izeneko programaren aire zabaleko bertsioa da. Helburuak eta ariketak berberak dira. “Bizimodu Aktiboa” urte guztian egiten da Bilboko udal kiroldegietan; hala ere, badago ezberdintasun bat. “Bizimodu Aktiboak” baditu igerilekuetako jarduerak.
“Gimnasia Nagusiak” 55 urtetik gorako pertsonentzat diseinatutako programa bat da, zirkulazio-aparatua sendotzeko ariketak eta lanak egiteko. Jarduera hori egoera fisikoa mantentzeko eta muskuluak tonifikatzeko egokia da.
“Pilates Nagusiak” adinekoek Bilboko udal kiroldegietan egin dezaketen beste jarduera bat da. Gorputzaren orekari eustea da kontua.
Adinekoek uretako ariketak eginez ere bizkortzeko edo tonifikatzeko aukera dute, haientzat beren-beregi prestatutako “Aquafitness Nagusiak” programaren bidez.
Horrez gain, Bilbao Kirolak erakundeak adinekoei “Abono Nagusi” eskaintzen die, bikoteentzat hilean 8 eurotik eta norbanakoentzat 5,4 eurotik. Igerilekuetara sar daitezke 15:00ak arte, lehentasuna dute ikastaroetan izena emateko orduan eta beste jarduera batzuk egiteko abantaila ekonomikoak dituzte. Txartel horrekin Azkuna Zentrora ere sar daitezke.
BILBO ADEITSU ADINEKOEKIN
Adinekoekiko konpromisoa dela-eta, Adinekoekiko Hiri Adeitsuen Udalen Sareko partaidea da Bilbo. Munduko Osasun Erakundeak abian jarri zuen sarea 2006an, zahartzen ari direnen beharretara egokitutako inguru urbanoak sortzeko eta adinaren ikusmoldetik zenbait alderdi lantzeko.
Bilbon 65 urtetik gorako pertsonak 81.200 dira; ia-ia uriko biztanleen % 24.
Udalak politika urbano integral modura planteatzen du kirol politika, uria hobetzeko eta herritar guztien bizimoduaren kalitatea hobetzeko. Hain zuzen ere, kirola oso garrantzitsua da uriaren eraikuntzan eta hobekuntza urbano sozialaren aktibo modura ulertzen da.