Síguenos en redes sociales:

2 eta 8 urteko ia 5.000 haurrek aisialdi dibertigarri baten alde apostua egin dute

Ondo pasatuz euskararen erabilera umeen artean bultzatzea da joan den urtarrilaren 20an hasi zen ekimenaren helburua

2 eta 8 urteko ia 5.000 haurrek aisialdi dibertigarri baten alde apostua egin duteO. Martínez

BILBO. Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duten Ikusi eta Ikasi programaren 14. edizioko jarduerek 2-8 urteko ia 5.000 haur bildu dituzte, ekimena joan den urtarrilaren 20an hasi zenetik. Ipuin kontalariak, magia, antzerkia, ikuskizun interaktiboak, kontzertu didaktikoak, eta musikaterapia, barreterapia, gozoki natural, modelaje eta txiki erritmoaren tailerrak izan dira, besteak beste.

Ikusi eta Ikasi ekimenaren helburua haur eta umeak ondo pasatuz euskaraz mintzatzea eta hura sustatzea aisialdian eta modu dibertigarrian, kulturaren bidez hezkuntza sustatuz eta kalitatezko programazioa eskainiz.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, programa ostiralean bukatuko da, apirilaren 20an, Puski, Xurruski eta Mariski pailazoen "Pilo, Pilo, Korapilo" ikuskizunarekin. Saioa Karmengo aretoan izango da, 18.00etan, doan, baina eserleku kopuru mugatua da.

Programaren amaiera jaia izango da. Hori dela eta, azken hiru hilabeteetan hirian izandako ikuskizunetara joan eta gogobetetasuna neurtzeko inkesta bete duten umeen artean sariak banatuko dira. Inkesta baliagarria izango da aurtengo edizioko alderdirik onenak zeintzuk izan diren eta datozen edizioetan zeintzuk hobetu behar diren jakiteko.

Sarien artean, euskarazko hainbat mahai joko, umeentzako ipuin eta hezteko liburu egongo dira. Sarien bitartez, helduek eta umeek aisialdian euskaraz ondo pasatzen jarraitu ahalko dute.

Amaiera jaia ostiralean izango den arren, apirilaren 27an "Go!azen. Denok antzerkira!" ikuskizun musikala izango da BBK aretoan. 900 pertsonatik gora izan dira ikuskizunera joateko izena eman dutenak eta horien artean zozketa bat egin da aretora sartu ahal izateko. Aukeratutakoei jakinarazpen bat bidaliko zaie zozketaren emaitza zein izan den eta musikala ikusteko gonbidapena hartzeko zer egin behar duten azaltzeko.

HARRERA ONA

Arduradunen arabera, Ikusi eta Ikasi programaren 14. edizioak harrera ona izan du. Guztira, aisialdia, kultura eta hezkuntza uztartzen dituzten jarduera asko egin dira, Basurtu, Errekalde, Castaños, Deustu, Santutxu, Zorrotza eta Olabeagako udal zentroeta, Azkuna Zentroan, Indautxuko Karmengo aretoan, Ibaialdeko liburutegian, Euskararen Etxean (San Ignazio) eta Zamakola, Iruarteta eta Epaltzaren Alarguna eskoletan.

Aurten bi leku berri gehitu dira: Olabeaga eta Azkuna Zentroa. Azkuna Zentroa Abandoko udal zentroaren ordez jarri da, obrak egiten ari direlako. Gauzak horrela, programa hiriko ia auzo guztietara heldu da.

Bilboko Udalak adierazi duenez, "ahalegin handia" egin du txikien artean oso harrera ona duen Ikusi eta Ikasi programari eusteko eta kalitatea hobetzeko. 14. edizioan, 36 ikuskizun, 30 tailer eta seme-alabekin batera parte hartzeko gurasoentzako bi hitzaldi-tailer egin dira.