BILBO. Jarduerak eta zinema-emanaldiak astelehenean hasiko dira. Abenduaren 18an, 19an eta 20an, 19:30etik aurrera, Euskadin eta estatuan azkenaldian egindako film labur gailenak programatu dira udaltegi hauetan: Castaños, Zorrotza, Deustu, Santutxu eta Errekalde. Aurreko urteetan euskal film laburrak soilik aintzat hartzen ziren, baina aurtengoan “Distantziak Laburtuz” atalaren bitartez ekitaldiaren mugak zabaldu nahi dira, 2017ko proposamen interesgarri eta txalotuenak Bilboko ikusleei helarazteko.
Film labur horietako gehienak estreinakoz emango dira Bilbon. Besteak beste, honako hauek ikusi ahal izango ditugu: “Ni una sola línea”, Víctor E.D. Somozarena (film labur onenaren saria Medina del Campon eta Madrilgo PNRn); “Woody & Woody”, Jaume Carriórena (2018ko Goya sarietarako aurrez hautatua); “La disco resplandece”, Chema García Ibarrarena (aipamen berezia Zinemaldian).
Egun horietan, 18:30etik aurrera, familia osoarentzako nazioarteko film laburren saioak egingo dira zenbait udaltegitan (Castaños, Zorrotza, Otxarkoaga, Deustu, Santutxu eta Errekalde) eta Ibaialde Liburutegian. Haurrek ere film labur onenak ikusiz gozatzeko aukera izango dute, Europako animazioko film laburren sorta ikusgai izango baita.
Horrez gainera, EGUNIK LABURRENAk [ED+C] tarte bat gorde dio zinema lotsabako eta absurdoari: ostegunean (abenduak 21) zinema eta karaokea izango ditugu jolasa eta jaia uztartuko dituen jardueran, 19:30etik aurrera Hika Ateneoan. Besteak beste, film labur hauek proiektatuko dira “Cortopote” atalean: “Tiempos Muertos” (David P. Sañudo), “Normal” (Chiqui Carabante) eta “Borracho” (Iñaki Reyna). San Tomas eguneko jaialditxoa amaitzeko, proiekzioen ostean karaoke saio ireki bat hasiko da, gauerdira arte, gaitasunak erakutsi nahi dituzten abeslarientzat.
Bestalde, Bilbao Berrikuntza Faktorian eta Dock Bilbaon ostiralean eta larunbatean egingo dira GAURIK LABURRENA programako ekitaldi nagusiak. Proiekzioetan estreinaldiak, klasikoak eta ibilbide handiko film labur berriak emango dira, baita kontzertuak ere. Proiekzio horiek oso erakargarriak izango dira, egileak bertan izango direlako; emanaldiaren ondoren mahai-inguru batean parte hartuko dute, gai hauek hizpide hartuta: egileen ibilbideak, film laburraren egoera, eta formatu hori duten filmak finantzatzeko eta banatzeko arazoak. Aurten, Yannick Vergara eta Lander Otaola arituko dira mahai-inguruak aurkezten eta moderatzen.
Saio horietan film labur hauek ikusiko ditugu, besteak beste: “RIP”, Caye eta Pintó katalanek egina (film labur onenaren saria SITGESen, Mórbido Film Fest jaialdian, eta ShortCat 2017 katalogoan ageri dena); “Ni una sola línea”, Victor E.D. Somozarena (film labur onenaren saria Medina del Campon eta Madrilgo PNRn); “ZULO”, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola egileena (euskal zuzendari onenak ZINEBI59n); “Pink Milk”, Laura Silva egile berriarena); “Nuestro Viejo y el Mar”, Lander Camarero beteranoarena (zuzendari onena Malagako jaialdian, euskal gidoi onena ZINEBIn).
Aurten, EGUNIK LABURRENAk [ED+C] FILM LABURRETIK FILM LUZERA atala berreskuratuko du, abenduaren 23an, 17:00etatik aurrera, film laburren egile izan ostean lehen film luzea egin eta programaziora itzuli diren egileak gogoan hartuta. Atal horretan izango ditugu honako egile hauek: Paul Urkijo (“Errementari”), Jon Mikel Caballero (“El increíble finde menguante”), David González Rudiez (“Arder”) Pintó eta Caye katalanak (“Matar a Dios”). Opera Prima bat egiteko urrats zail eta interesgarria hizpide izango dute, eta film luzeen eta laburren arteko aldeak aztertuko dituzte, produkzioa eta banaketa kontuan hartuta.
Bi saio horiek ostiralean eta larunbatean egingo dira (abenduak 22 eta 23), eta proiekzioen ostean kontzertu hauez gozatzeko aukera izango dute ikusleek: Lucía y el Lerdo eta Ibon Belandia (ostiralean) eta Mama Gigi´s (larunbatean).
AURREKARIAK
EGUNIK LABURRENA [ED+C] neguko solstizioarekin bat etorriz (abenduaren 21ean) mundu osoan ospatzen den nazioarteko ekimena da, film laburrak jende guztiari hurbiltzeko helburu nagusiarekin, kaleetan eta mota guztietako gune publikoetan, plazetan, ikastetxeetan, museoetan, ospitaletan, saltokietan edo tabernetan ematen diren doako proiekzioen bitartez.
EGUNIK LABURRENA [ED+C] kalitatezko edukiak eskaintzean oinarritzen da, baina ekitaldi irekia da, eta, ondorioz, kultur kudeaketan ari diren eragileek zein edozein erakunde publikok edo pribatuk bat egin dezakete berarekin, baita herritarrek ere, euren familiakoentzat, adiskideentzat edo auzokideentzat emanaldiak antolatuz.