BILBO. Arazo humanitario larri horren erakunde-, gizarte-, politika- eta araudi-dimentsioa nazioarteko entzutetsuak diren hizlariek aztertuko dute, besteak beste: Daniel Innerarity Globernanceko zuzendariak, Patti Tamara Lenard Ottawako Unibertsitateko (Kanada) Migrazio Politiken irakasleak, Segolene Barbou les Places La Sorbonneko (Paris) Zuzenbideko irakasleak, Javier de Lucas Valentziako Unibertsitateko Filosofiako katedradunak eta Manuel Lezartua Arartekoak.
20 adituk baino gehiagok parte hartuko dute ‘Errefuxiatuen Europa’ topaketetan, eta helburu nagusia izango da gaia aztertzea, ekintza argia, bateratua eta adostua egin ahal izatea, errefuxiatuen egoera hobetzeko. Ekitaldiaren eta parte hartzen duten akademikoen eta erakunde-arduradunen diziplina anitzeko izaera dela eta, arazoari konplexutasun osoarekin heldu ahalko zaio, eta haren azterketa zehatza eta zorrotza egin ahalko da.
‘Bilbao European Encounters’en bidez, Bizkaiko hiriburua Europaren integrazio-prozesuaren ondoriozko oztopoak gainditzeko Europako eztabaidaren erreferentzia bilakatzen da. Nazioarteko biltzarra Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuak antolatu du, pentsamendu politikoaren arloan erakunde ospetsuak, eta Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Laboral Kutxaren babesa du, eta Azkuna Zentroaren eta Europako Unibertsitate Institutuko Nazioz Gaindiko Gobernantza Eskolaren lankidetza.
Foroak herritarren parte-hartze aktiboari irekiko dio atea, hilaren 19an, 16:30etik aurrera, hizlarien eta bertaratzen den publikoaren arteko komunikazio zuzenari bide emango dion formatuan. Eztabaida publiko hori bi mahai-ingururen osagarri izango da; mahai-inguruetako batean, Comisión Española de Ayuda al Refugiado, Save the Children, Ongietorri Errefuxiatuak eta Zaporeak erakunde humanitarioetako ordezkariak izango dira eta, bestean, Daniel Innerarity eta erakunde-ordezkariak, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea buru izango duen ekitaldi batean.
Nazioartean ospea duten hizlariak
Daniel Innerarity nazioarteko aditutzat jotzen da ezagutzaren gizarteen kultura- eta politika-eraldaketetan, bai eta gobernu, demokrazia eta globalizazioaren sistemen berrikuntzan ere. Besteak beste, honako liburu hauek ditu nabarmentzekoak: ‘La transformación de la política’ (Saiakeraren Miguel de Unamuno Saria eta Literaturaren Sari Nazionala saiakeraren modalitatean, 2003), ‘La sociedad invisible’ (Espasa Saria, 2004), ‘El nuevo espacio público’ eta ‘El futuro y sus enemigos’. Guztiak itzuli izan dira zenbait hizkuntzatara.
Kongresuan, nazioartean erreferentziazkoak diren 10 unibertsitatetako eta Estatuko unibertsitate nagusietako 15 akademiko entzutetsu izango dira. Nabarmentzekoa da Patti Tamara Lenard Oxfordeko Unibertsitateko doktorearen eta Ottawako Unibertsitateko Etikako eta Migrazio Politiketako irakaslearen presentzia; entzutetsua da mugaz gaindiko migrazioak gizarte-kohesioaren eta kultura-aniztasunaren ikuspegitik dakarren erronka politikoari buruz egin dituen lanengatik. Kongresuan gobernuz kanpoko erakundeek sustatzen dituzten eta herritar anonimoek beren gain hartzen dituzten errefuxiatuen harrerarako programa pribatuen ahalmen eta eztabaidei helduko die.
Bertan izango da, halaber, Segolene Barbou les Places irakaslea, eta nabarmendu beharrekoa da; La Sorbonneko Zuzenbideko irakaslea da. Oinarrizko eskubideek errefuxiatuen krisiari legezko erantzuna emateko duten garrantziaz eztabaidatuko du. Kongresuan, bestalde, Javier de Lucas izango da, Valentziako Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuko Zuzenbideko Filosofiako eta Filosofia Politikoko katedraduna. Ezaguna da, errefuxiatuekin lotutako gaietan eginiko lan akademiko bikainagatik eta horien eskubideen eta ongizatearen aldeko aktibismo publikoagatik.
Manuel Lezartua Arartekoak eztabaida publikoari zabaldutako mahai-inguruetako batean parte hartuko du, beste erakunde-ordezkari batzuekin batera.
Krisia, Europaren ikuspegi berria eta hura integratzeko erronkak, aurreko edizioetako ardatzak
‘Bilbao European Encounters’en lehen edizioa 2013an izan zen, “Europa euroaren krisiaren ondoren: legitimitatea, demokrazia eta justizia” izenburupean. Mundu akademikoko eta politikoko pertsona garrantzitsuek, besteak beste, Josep Borrel ministro ohiak, Europar Batasunak 2008an hasitako finantza- eta zerga-krisiari emandako erantzunei buruz eztabaidatu zuten.
Ekonomiaren, politikaren, gizartearen eta ingurumenaren krisia eta terrorismoaren mehatxua izan ziren bigarren edizioaren ardatz nagusiak, 2015ean “Europa berriarentzat narratiba berri baterako bidea irekitzen" izenburupean eginiko biltzarrean. Iazko edizioak Europaren Integrazioak aurrez aurre dituen askotariko erronkak eta ekonomia-, politika-, gizarte- eta ingurumen-batasunaren eredu bati eusten zaiola bermatzeko har daitezkeen neurriak izan zituen oinarri.
Hizlarien taldean, Javier Solana nabarmentzekoa izan zen; nazioarteko politikaren arloan egon den pertsonarik garrantzitsuenetako bat da eta, besteak beste, honako karguak izan ditu: NATOko idazkari nagusia eta Europar Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkaria.