BILBO. “Garaiak eta gertakariak” izeneko emanaldian musika sasoi edo gertakarien ikur bihurtu den une eta leku zehatzetan zehar ibilaldia eskainiko da. Lehenengo zatian tangoaren historia gogoratuko da Michael Gandolfiren “Haizeak eta tangoak” lanarekin eta jarraian, beste bidaia historiko bat egingo da Yasuhide Itoren “Loriatsua” lanarekin. Honetan, kantuak abesti gregorianoekin nahasten dira, bai eta Japoniako folklorearen tinbrika eta soinu giroekin ere.

Bigarren zatian, aldiz, Suitzako autoreen lan bi entzungo dira: Franco Cesariniren “Bulgarian Dances” eta Oliver Waespiren “Divertimento”, besteak beste. Lehenengoak XX. mendeko 80ko hamarkadan egin ziren Bulgariako abesti herrikoiak gogoratzen ditu. Bigarren lanean, aldiz, lau zati daude, elkarrekin lotuta: Prelude bat, Meditation bat, Procesion bat, eta Hoedown izeneko amaiera.

Sarrerek prezio herrikoia izango dute, 2 eurokoa. Sarrerak zenbakituak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank-en zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira.

Banda abenduaren 3an bueltatuko da eszenatokietara. Ikus-entzuleek “Apeninoetatik Andeetara” emanaldiarekin disfrutatzeko aukera izango dute, non C. Pirola, N. Rota, C. Chávez eta A. Ginasteraren lanak entzungo diren. Okasio honetan, José R. Pascual-Vilaplanak, geure zuzendari titularrak zuzenduko du eta Jordi Ripoll, Bilboko udalaren musika bandaren fagota, solista gisa arituko da.

OHARRAK

Musikak une eta leku zehatzak bete izan ditu historian zehar eta sasoi edo gertakarien ikur bihurtu dira. Kontzertu honetan, lehenik eta behin tangoaren historia gogoratuko da Michael Gandolfi (1956) maisu eta New England Conservatory of Music ikastetxeko irakaslearen lan batekin. Frank Battisti zuzendari amerikar ospetsuaren 70. urteurrenean, “Haizeak eta tangoak” (2001) lana dedikatu zion, bere maisua izan baitzen: Juan D’Arienzo, Piazzola edo “disco/techno tango” estiloko abestiak jasotzen dituen soinu-istorioa.

Gero, beste bidaia historiko bat egingo da “Loriatsua” (1990) lanarekin. Izan ere, Kakure kirishitan edo kriptokristauen kantuak jasotzen dituen lana da, Frantzisko Xabierkoak ezarritako fedearen erritoak ezkutuan praktikatzen jarraitu baitzuten Edo aroaren (1603-1867) hasieran Tokugawa Shogunate-ren gobernuak debekatu arren. Kantu horiek abesti gregorianoekin nahasten dira, bai eta Japoniako folklorearen tinbrika eta soinu giroekin ere. Yasuhide Ito maisua (Japonia, 1960) herrialde horretako pianista eta zuzendari ospetsuenetako bat da eta konposizioan graduatu zen Tokyo National University of Fine Arts and Music unibertsitatean.

Bigarren zatian Suitzako autoreen lan bi entzungo dira. Lehenengoak XX. mendeko 80ko hamarkadan “El misterio de las voces búlgaras” diskoari esker ospetsu egin ziren Bulgariako abesti herrikoiak gogoratzen ditu. “Bulgarian Dances”-eko bigarren suitea Bulgariako folklorearen hiru abestitan inspiratzen da eta doinuen lirika eta akonpainamenduen erritmo frenetikoa eta konplexua jasotzen ditu. Bere egilea, Franco Cesarini (1961) maisua Luganoko Kontserbatorioko irakaslea da eta Bilboko Udal Bandaren zuzendari gonbidatua izan zen aurreko denboraldian.

Azkenik, Bernako Kontserbatorioko irakaslea den Oliver Waespi (1971) maisu suitzarraren eskutik bandarako “Divertimento” bitxi eta original bat entzungo da. Lan horretan lau zati daude, elkarrekin lotuta: Prelude bat obertura klasikoaren itxuran, Meditation bat oboe, adar ingeles eta txirula bakarlarien soinuen bidez, New Orleanseko erritmoak gogoratuko dizkigun Procesion bat, eta Hoedown izeneko amaiera, non Ameriketako estiloko dantza batek bere bizitasunarekin eta birtuosismoarekin liluratuko baititu ikus-entzuleak. Kasualitatez, kontzertuko azken lan biak St. Gallen-eko Eidgenössisches Musikfest jaialdiko 33. edizioaren enkarguz eskatu eta estreinatu ziren 2011n.

ZUZENDARI GONBIDATUA: ISABELLE RUF-WEBER

Zeharkako txirulan eta Bandako zuzendaritzan graduatu zen 1989an Lucernako Goi mailako Musika Eskolan. Ikasketa gehiago egin zituen Michiganeko Unibertsitatean eta Suitzan, Sylvia Caduff irakaslearekin. Neuenkirch-eko Bandako zuzendari titularra izan da 25 urtez eta Landesblasorchester Baden-Württemberg orkestraren zuzendari artistikoa izan da hamabi urtez. 2007tik geroztik Friburgoko Landwehr banda zuzentzen du eta 2013tik Stadttheater Sursee antzokiko zuzendari artistikoa da.

Isabelle Ruf-Weber sarritan gonbidatzen dute zuzendari gonbidatu, epaimahaiko kide edo irakasle modura aritzen Suitzan eta atzerrian. Suitzako musikako aditu handienetako bat dela jotzen da banden zuzendaritzaren arloan. Aurten, Stephan Jäggi sari ospetsua jaso du, Suitzan banden musikaren inguruan dagoen sari nagusia.