BILBO. Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan ongietorria egiteko ekitaldia amaitu eta gero, ordezkaritza iberoamerikarrak bilera bat egin du Gotzone Sagardui Alkatetzaren, Garapen Ekonomikoaren eta Gobernu Onaren koordinatzailearekin. Sagarduik Bilboren eraldaketa eta hiriaren berroneratzea eta hiri-suspertzea aurkeztu ditu, bai eta administrazio-kudeaketarako politikak ere.

Honako hauek osatzen dute ordezkaritza, besteak beste: Juan de Dios Cincunegui, Argentinako Diputatuen Ganbarako Presidentetzako Nazioarteko harremanetarako zuzendari nagusia; Andrea Vignolo, Nazioarteko Kooperazioko Uruguaiko Agentziako zuzendari exekutiboa; Úrsula Desilu León, Lima udalerriko kudeatzaile nagusia; eta Andrés Isch, Quito udalerriko Plangintzako zuzendari nagusia. Honako 14 herrialde hauek daude ordezkaritzan: Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Ekuador, Mexiko, Panama, Paraguai, Peru, Portugal, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuela.

Iberoamerikako Lidergo Publikoaren Programaren helburu nagusia da nazioartean definitzen ari diren kudeaketa publikoko eredu berriak aztertzea gardentasuna, open data, gobernu ona, digitalizazioa, kontuak ematea eta deszentralizazioa oinarri hartuta. Carolina fundazioa da programaren sustatzailea, eta Bilbo hautatu du aipatutako alorretan egindako jardunbide egokien ordezkari gisa.

Carolina fundazioak, halaber, honako hauek bultzatzen ditu programen bitartez: Amerikako kontinenteko erakundeak sendotzeko eta ezagutzeko espazio iberoamerikar bat eraikitzea eta, aldi berean, estatuko unibertsitate eta ikasketa-zentroen nazioartekotzea sustatzea.

HEGO KOREAKO GOBERNUAREN ORDEZKARITZA

Bilboko Udalaren nazioarteko gaurko agenda osatzeko, Hego Koreako Lurraldeko, Azpiegituretako eta Garraioetako Ministerioko ordezkaritza baten bisita egin da. Hain zuzen ere, azken 25 urteetan Bilbok izandako hiri- eta ekonomia-berritzea ezagutu nahi du Hego Koreako gobernuak. Hori dela eta Asier Abaunza Bilboko Udaleko Hiri Plangintzako zinegotzi ordezkariarekin izan du bilera Hego Koreako ordezkaritzak. Bederatzi kidek osatzen dute ordezkaritza, eta Hego Koreako Lurraldeko, Azpiegituretako eta Garraioetako Batzordeko presidentea den Jeong Sik Cho dute buru.