Síguenos en redes sociales:

Bilbok eta Lurmutur hiriak haien arteko harremana sendotu dute

Hego Afrikako hiriko ordezkaritza batek Bilbok bizi zuen eraldaketaren berri izango du azaroaren 16an eta 17an

Bilbok eta Lurmutur hiriak haien arteko harremana sendotu dute

BILBO. Hiri Plangintzako zinegotzia den Asier Abaunzak harrera egingo dio Hego Afrikako ordezkaritzari. Hain zuzen ere, honako hauek osatuko dute taldea: Leigh Stolworthy, Lurmutur Hiriko berrikuntza arduraduna; Robin Jutzen, sormenezko industrietan aditua; eta Enrico Girolo, ekimen estrategikoen eta inbertsioen arduraduna.

Topaketan, Asier Abaunzak Bilboko Udalak hiri- eta ekonomia-eraldaketa lortzeko ezarri dituen estrategia desberdinak emango ditu ezagutzera, horiek Lurmutur Hiriko Udalaren planetan ezartzeko asmoarekin, hala, hiritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta, aldi berean, hiri iraunkorrago bat lortzeko. Bilbok azken urteetan izandako bilakaera azalduko du hitzaldian, bai eta hiriak etorkizunerako dituen erronkak ere. Hiri adimendunaren eredurantz aurrera egiteko asmoarekin gizarte-, hiri- eta ekonomia-garapena sustatzeko Bilboko Udalak burututako jarduketak aurkeztuko dizkie zinegotziak.

Bilboko Udal Zentro Informatikoko (Cimubisa) langileak arduratuko dira hiri adimendu baterantz aurrera egiteko estrategia aurkezteaz, eta Bilbao Ekintza udal-sozietateko arduradunek, aldiz, hirian ekintzailetza sustatzeko egiten diren jarduketak azalduko dituzte. Ostiralean, Zorrotzaurre Bilboko aukeren eta berrikuntzaren espazio berria izan dadin gauzatuko diren proiektuak ikusiko dituzte. Besteak beste, As-Fabrik dago bertan, EBko finantzaketa duen ekimen bat, zeinak 4.0 industriarentzako eta ekonomia digitalerako zerbitzu aurreratuen eremuan erreferentziazko ekosistema bat osatu nahi duen.

EUROPAKO ETA HEGO AFRIKAKO LAU HIRI

Europako Batzordeko Hiri eta Eskualde Politiketako, Enpleguko, Gizarte Gaietako eta Inklusioko Zuzendaritza Nagusiaren programa bat da World Cities, eta Europar Batasunaren eta beste herrialde batzuen artean lurralde-garapenari buruzko jardunbide egokiak eta esperientziak partekatzea du xede, beren-beregi, hiri-garapena, hiri eta landako lankidetza eta mugaz bestaldeko hiri-lankidetza.

World Cities programa Europako lau hirirekin jarri da harremanetan aurten, baita Hego Afrikako beste laurekin ere, hiri-garapen iraunkorraren esparruan dituzten ezagutzak eta esperientziak parteka ditzaten. Gainera, Bilbo eta Lurmutur Hiriaz gain, Europako beste hiri batzuk daude World Cities ekimenean, hala nola Malaga, Graz eta Belfast. Horiek Hego Afrikako Johanesburgo, Ekurhuleni eta eThekwini hiriekin daude harremanetan, hurrenez hurren.

Lurmutur Hiria biztanlerik gehien dituen bigarren hiria da Hego Afrikan, eta, zehazki, 3,5 milioi biztanle bizi dira bertan. Guztira, 2.499 kilometro karratuko azalera du, hau da, herrialdeko hiririk handienetako bat da. Alabaina, biztanleriaren dentsitatea nahiko txikia da, 1.425 biztanle kilometro karratuko.