BILBO. Fair Saturday ekimenak "Eskola jazarpenaren aurkako ipuinak" kontakizun lehiaketaren lehen edizioa antolatu du, Bizkaiko gazteentzat eta umeentzat, Bilboko Udalaren laguntzarekin. Lehiaketak eskola jazarpenaren arazoan jarriko du arreta, "egoera larri horren inguruko gogoeta eragiteko eta kontzientzia hartzeko eta horren ondorioak geldiarazteko behar den gizarte hezkuntzaren boterearen eta garrantziaren inguruko gogoeta eragiteko".

Ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, deialdia azaroaren 25era arte egongo da zabalik eta 8 eta 23 urte bitarteko ikasleentzat da. Parte hartzaileek orri zuri bat izango dute jazarpena salatzeko eta, aldi berean, aberaste kulturala errazteko. Lanak euskaraz, ingelesez edo gaztelaniaz egin daitezke, eta ikastetxeetan aurkeztu beharko dira, ekimenean parte hartzen badute; bestela, helbide honetara bidal daitezke: cuentos@fairsaturday.org.

Lehiaketak 100 euroko 15 sari banatuko ditu, eta diru gizartearen arloko proiektuetan erabiliko da. Sarituek eta ordezkatzen dituzten ikastetxeek aukeratuko dituzte proiektuok.

Lehiaketa Bilbon sortutako Fair Saturday mugimendu kultural globalaren bokazio didaktikotik sortu da, kulturaren bitartez etorkizun hobea eraikitzeko asmoarekin. Lehiaketaren emaitza "Eskola jazarpenaren aurkako ipuinak" izeneko liburuan jasoko da, bertan argitaratuko baitira epaimahaiak aukeratutako kontakizunak. Liburuaren salmentaren irabaziak ere gizartearen arloko proiektuetan erabiliko dira.