Virgilio Martinez chef peruarrak hitzaldia eskainiko du Guggenheim Museoan
BILBO. Gainera, bidaiatzea izugarri gustatzen zaionez, Andeetako geografian zehar ibiltzen da oso ezagunak ez diren osagai exotikoak ikertzen, gero bere sukaldera ekartzeko. Hori dela eta, nazioarteko gastronomia kritikarien aintzatespena jaso du, Guggenheim Bilbao Museoak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Central jatetxeko chefaren hitzaldia izango da "Sormena Gastronomian" zikloko azken saioa. Zikloa Guggenheim Bilbao Museoan egin da 2017an zehar, eta nazioarteko sukaldari ospetsuak izan dira bertan, beren ezagutza, esperientzia eta sukaldaritza jorratzeko duten modua partekatuz ikus-entzuleekin.
Halaber, hitzaldi zikloa TopARTE programaren baitan dago. TopARTE Bilboko museoaren 20. urteurrena dela-eta sortu da, eta museoaren espazioak diziplina guztietako kultura eragile eta erakundeei zabaltzeko asmoa du, musika, zinema, bideoa, dantza, antzerkia edo gastronomiari, alegia.
Hitzaldia eman eta hurrengo egunean, irailaren 21an, Virgilio Martinezek "Ongi etorri. Cenas a cuatro manos" deitutako ekimenean parte hartuko du Josean Alija Guggenheim Bilbaoko Nerua jatetxeko sukaldari buruarekin.
Chef peruarraren hitzaldia arratsaldeko 18:30ean hasiko eta Entzungelan izango da. Sarrera doakoa da, baina ezinbestekoa da aurretiaz museoaren txarteldegian edo webgunean eskuratzea.