Síguenos en redes sociales:

John Huston eta Christine Vachon zinemagileen zikloak eskainiko ditu Azkuna Zentroak

John Huston eta Christine Vachon zinemagileen zikloak eskainiko ditu Azkuna ZentroakJ.M.M.

BILBO,. Bilboko Azkuna Zentroaren Zinematekak John Huston eta Christine Vachon zinemagileen filmekin osaturiko bi ziklo eskainiko ditu. Zinematekak programazio berezia izango du asteazken eta ostegunetan, zinema garaikideari eta klasikoari eskainita, hurrenez hurren. Horrela, asteazkenetan Christine Vachon New Yorkeko zine zuzendariaren filmak proiektatuko dira, eta ostegunetan, John Huston Nevadako (AEB) zinemagilearenak.

Zehazki, Azkuna Zentroak jakinarazi duenez, Vachon zinema independente amerikarraren ekoizle garrantzitsuenetako eta konprometituenetako bat da, eta zikloa irailaren 13an hasiko da, "Poison" filmarekin (1991). Zikloa abenduaren 20ra arte luzatuko da, eta "Kids" (1995), "I shot Andy Warhol" (1996), "Happiness" (1998), "Velvet Goldmine" (1998), "I'm not there" (2007), "Boys Don't Cry" (1999), "Far From Heaven" (2002), "Carol" (2015), "The Company" (2003), "An American Crime" (2007), "Still Alice" (2014) eta "Wonderstruck" (2017) filmak ikusi ahalko dira. Gainera, Vachonek publikoari irekitako hitzaldia emango du Azkuna Zentroan, irailaren 28an.

John Huston zinemagile klasikoaren zikloa, berriz, irailaren 14an hasiko da, "The Maltese Falcon" lanarekin (1941), eta ondoren, abenduaren 21era arte, "Key Largo" (1948), "The Dead" (1987), "The Asphalt Jungle" (1950), "The African Queen (1951), "Heaven Knows, Mr. Allison" (1957), "Moby Dick" (1956), "The Misfits" (1961) "Freud" (1962), "The Night of the Iguana" (1964), "Fat City" (1972) eta "The Treasure of Sierra Madre" (1948) izango dira ikusgai.