BILBO. Egunotan, The Academy of Urbanism erakundeko ordezkariak Bilbon daude hiria bertatik bertara ikusteko. Juan Mari Aburto alkateak harrera egin die astearte honetan udaletxean, eta azaldu die "hiriaren azken hamarkadetako bilakaera, zelan eraberritu garen historian zehar eta zelan jokatzen dugun Bilbo zibikoaren, bizikidetzaren, berrikuntzaren, teknologiaren eta irisgarritasunaren alde".
"Hiriari eraldaketa urbanoaren prozesua aitortu zaio, eta orain beste urrats bat eman gura dugu: Bilbo eraikitzea gizarte osoak eskainitako balioak partekatuz; munduak gaur planteatzen dituen erronkei erantzungo dieten oraingo eta bihar-etziko proiektuen oinarri diren balioez dihardugu", azaldu du Bilboko alkateak.
Aburtorekin izandako bileraz gain, The Academy or Urbanism erakundeko ordezkariak zenbait departamentu eta erakundetako teknikariekin eta arduradunekin bilduko dira eta hiriak zer eskaintzen duen ezagutuko dute. Honako gai hauek dira epaimahaiaren jakinmina suspertzen dutenak: azpiegiturak, hiri zerbitzu, mapa politikoa, tokiko kultura, bizimoduaren eta ongizatearen kalitatea, iraunkortasuna, ingurumena, konektibitatea edo merkataritzaren arrakasta eta bere bideragarritasuna.
THE ACADEMY OF URBANISM
The Academy of Urbanism irabazi asmorik gabeko erakundea da, independientea politika mailan, eta Erresuma Batuko eta Europako hiriak aintzat hartzea bultzatzen du, hirigintzako praktika onak identifikatzeko eta sustatzeko. Urbanism Awards deritzenak dira kalitate handiko ingurune berritzaile eta iraunkorrak bilatzen dituen erakundearen plataformarik garrantzizkoenak.
Arkitekturako eta hirigintzako profesionalak dira urtero beren proposamenak egin ohi dituztenak, ondoren hiri bizigarrienen zerrendan sartuko diren hiru hiri aukeratzeko. Britainiar erakunde independenteak hamar urte daramatza urtero saritzen hirigintzaren, lidergo eta gobernantzaren, osasun eta ongizatearen, bideragarritasunaren eta merkataritzaren arrakastaren eta ingurumenaren iraunkortasunaren arloko "praktika onak".
The Academy of Urbanism erakundeak urtero 15 leku aukeratzen ditu kategoria hauetan: hiria, herria (150.000 biztanletik beherako hiriak sartuta), auzoa, kalea eta tokia. Erakundeko kideek proposatutako hamar lekuren hasierako zerrenda egiten dute eta zerrenda horretatik hiru finalistak ateratzen dira. Aurten Bilbo aukeratu dute Europako Urteko Hiria kategorian, Viena (Austria) eta Liubliana (Eslovenia) hiriekin batera.