Bilboko eskolen proiektu solidarioetarako 'Bilbao Iparra-Hegoa' saiako deialdia egin du Bilboko udalak
Interesa duten ikastetxeek 2017ko urriaren 15era arte aurkez ditzakete haien hautagaitza Bilboko Udaleko Erregistro Orokorrean
BILBO. Iparrak eta Hegoak elkar ulertzeko, elkarrengana hurbiltzeko eta elkarri begirunea edukitzeko zubiak egiten laguntzen duten irakasleen eta ikasleen lan desinteresatua indartu du edizio berri honek.
Iparraren eta Hegoaren arteko amildegia gainditzeko eta mundu zuzenago eta solidarioagoa egiteko jarduerak garatzen dituzten Bilboko ikastetxeek egiten duten lanari jendaurreko onarpena egin eta lan hori saritzen da Bilbao Iparra-Hegoa Sariketaren Eskola Solidarioen modalitatean; era berean, lortu nahi da gizartea gero eta gehiago jabetzea Giza Eskubideen alde eta beste herri eta kultura batzuekiko solidaritatea izatea.
Lankidetzarekin eta elkartasunarekin zerikusia duten jarduerak garatzen aritu diren ikastetxeak aurkez daitezke sariketara. Jardueren protagonistak Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilerreko edota gradu ertaineko prestakuntza-zikloetako ikasleek izan behar dute. Horretarako, ikastetxean azken bost urteotan egindako jardueren memoria bat aurkeztu behar dute. Jarduera horietako bat 2016-2017 ikasturtean burutu behar izan dute.
Zazpigarren edizio honetako epaimahaiko kideak hauek izango dira: epaimahaiburua, Bilboko Alkatea; kideak, Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotzia; udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako pertsona bana; Lankidetzako Udal Kontseiluko kide bat eta Immigrazioko Udal Kontseiluko kide bat; eta Bizkaiko Gurasoen Elkarteko kide bat.
Epaimahaiak sariak emateko orduan irizpide hauek hartuko ditu kontutan:
- Deialdiaren helburuarekin zerikusia duten ekintzetan ikastetxeak duen ibilbidea.
- Jarduerak diseinatzeko, bultzatzeko eta gauzatzeko eskola-komunitateak, hau da, ikasleek, irakasleek eta gurasoek duten inplikazioa.
- Jarduerek zenbaterako eragina duten herritarrengan, auzoan, barrutian zein udalerrian.
- Sariaren dirua deialdiarekin lotutako helburuetarako izatea.
Ikastetxeek 2017ko urriaren 15era arte aurkez ditzakete haien hautagaitza Bilboko Udaleko Erregistro Orokorrean edota Udaltegietako erregistroetan. Informazio gehiago jaso gura izanez gero, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailera jo dezakete, 94 420 42 03 telefonora deituta edo helbide elektroniko honetara idatzita: cooperacion@bilbao.eus
“BILBAO IPARRA-HEGOA” SARIKETAKO SEIGARREN EDIZIOA J.M SANCHEZ MARCOS IKASTETXEAK IRABAZI ZUEN
Aurreko edizioan, seigarrenean, Sánchez Marcos ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasle talde batek “Neska mutilen giza eskubideak-Zaindu maite duzun hori-Besarkatu mundua: Mundu handi bat gure ikasgela txikian” izeneko proiektua aurkeztu zuen. Lan horren bidez erantzuna eman nahi diote eskolako ikasgeletan dibertsitatea lantzeko moduari.
Proiektuan, ikasleek eskolako ikasgeletan dauden ohiturak, hizkuntzak eta kultur aniztasuna lantzen dute. Horrela, paisaia, ohitura eta kultura desberdinetara hurbiltzen dira eta desberdinek elkarri entzutea sustatzen da, familien inplikazioa bultzatuz
Epaimahaiak adierazi zuen ekimen hori ikastetxe inklusiboaren adibide argia dela, ikasleei zor zaien errespetua eta desberdintasunaren onarpenaren hastapenak barneratzen dituelako eta modu malguan antolatzen delako, ikasle guztiak kontuan hartu ahal izateko.
2011n jarri zen abian eskola solidarioak saritzeko modalitatea. Ordutik hona hauexek izan dira saria jaso duten ikastetxeak:
- 2011: Santutxuko Luis Briñas LHI
- 2012: Deustuko Botikazar BHI
- 2013: Eskolapioen Ikastetxea
- 2014: Otxarkoagako Prestakuntza Zentroa
- 2015: García Rivero Maisua Ikastetxea