BILBAO. Euskal rock indie-aren talderik esanguratsuenetako bat den Capitán Elefante taldea igoko da gaur Azkuna Zentroko atariko eszenatokira, 21:00etatik aurrera doako izango den emanaldi bat emateko; horretan aurkeztuko ditu argitaratu berri den “Un millón de hombres” bere azken diskoko kantak. Kafe Antzokian ere protagonista izango da rocka: The Limboos eta Mud Candies taldeek joko dute “basque FEST Rock City” zikloaren barruan.
Bakarrizketak Bilborockera iritsiko dira gaur, “Euskaldunok ere badakigu barre egiten” emanaldiarekin, 20:00etatik aurrera; Javier Merino, Humberto Gutiérrez eta Iñigo Salinero aktoreek kontatuko dizkigute euskal izaerari buruzko istorio zoroak. Haurrentzako antzerkiak Azkuna Zentroan izango du bere hitzordua, “Etxean Goxo” txotxongilo ikuskizunarekin, 12:30ean.
Familia osoarentzako eta edozein motatako publikoarentzako animazioak eta planek jarraitzen dute gaur hiriaren hainbat puntutan: Areatzan, Zazpi Kaleetan, Guggenheim Bilbao Museoan, Euskal Museoan, itsasadarrean eta turistentzat zein bilbotarrentzat giro tipikoko inguruetan, hala nola, Ledesman, Villariasen, Poza Lizentziatuan, Garcia Riveron, Bilbo Zaharrean eta Martzana kaian.
Euskal Dantza, gastronomia, herri kirolak, itsasontzi-paseoak?
Guggenheim Bilbao Museoaren zabaldegiak hartuko ditu euskal dantzarik ikusgarrien eta deigarrienak, Gaztediren eskutik; gaur, 12:00etan eta 17:00etan. Museoaren barruan ere ikusi ahal izango da emanaldia, 19:00etan. Euskal dantza tradizionaletako bat ikasi nahi dutenek horiek ikasteko aukera izango dute Areatzan 13:00etan emango diren dantza tailerretan.
“Txoko Gourmet & Destinos Basque”ren karpa handiak eta “Sport basque FEST” eremuak jarraituko dute Areatza gastronomiaz, herri-kirolez, umorez, musikaz, dantzaz, haurrentzako tailerrez, hitzaldiez eta beste hainbat planez betetzen. Gaurko aurreikusitako dastaketa espresetan proposamen gosegarriak daude: artisau-gildak, Idiazabal gazta, taloa txorizoarekin, antxoak, olagarroa eta baba txikiak, besteak beste. Bizkaiko Txakolina, artisau-garagardoa eta Arabako Errioxako ardoa eta olioa ere egongo dira dastatzeko.
Herri-kirolik ikusgarrienek jarraituko dute “Sport basque FEST” animatzen, aizkolarien, sokatiraren, lasto-altxatzearen eta harri-jasotzaileen erakustaldiekin, besteak beste. Euskal pilota ere protagonista izango da, haurrentzako frontoi batekin eta tailerrekin, euskal pilota bat eta zesta-punta bat egiten ikas dezaten. Publiko orokorrak parte hartu ahal izango du txapelketa zirraragarrietan: igel-toka, txapel-jaurtiketa eta euskal bola-jokoa.
Nerbioi itsasadarrak ere parte hartuko du gaur jaialdian, antzerki bihurtutako itsasontzi-paseoekin; horietan, “Mirentxu” eta “Begotxu” pertsonaiek Gabon Zaharra ospatuko dute itsasontzian. Irteerak 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era izango dira, Pio Barojako ontziralekuan. Beste alde batetik, txakolinak eta txistuaren musikak bat egingo dute “Txakoli & Music”en; horren bidez, Euskal Museoak gonbidatzen gaitu musika tresna tradizionalaren historia ezagutzera eta bertoko ardorik onenak dastatzera, 12:30eko eta 13:30eko saioetan.