BILBO. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, BAS zikloaren edizio honetan eskaintzen den programa eliz artearekin eta musika barrokoarekin erlazionatutako kontzertu edo ikuskizunetatik haratago doa. Bilbao 700 Fundazioak "parte hartzaileekin esperientzia eta sentsazio positibo ahaztezinen bidez elkarrekintzan jarduteko prestatutako kontzertuak eta ikuskizunak aurkeztuko ditu".

Gainera, eszenatokiak ere zikloaren protagonista izango dira, Gizakunde elizak eta Bilboko Eliz Museoak Atxurin osatzen duten monumentu multzoa hiriaren hasierako oinarriak izan zireneko kokaleku historikoan baitago.

Guztira, astelehenetik larunbatera bitartean bost ikuskizun antolatu dira: La Ritirata (astelehena), Nordic Voices taldearen a capella musika (asteartea), "Nao d'Amoresen Misterio del Cristo de los Gascones" ikuskizuna (asteazkena), Bilbao 700 Fundazioaren "Maitasunez eta Argiz" ekoizpena (osteguna eta larunbata), Bilboko Eliz Museoko klaustroan izango diren komentu eszenak (ostirala) eta Iter Luminis zeremonia musikal eta poetikoa (larunbata).