Síguenos en redes sociales:

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren arrantza eskolak igandean ekingo dio

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren arrantza eskolak igandean ekingo dioNagore Centeno

BILBO. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak "Bilboko Itsasadar Handia" arrantza eskolaren udaberriko denboraldia hasiko du igandean, martxoaren 19an, Bizkaiko Arrantza Federazioarekin batera, aurreko urteetan parte hartzean izandako arrakastaren ondoren eta Bilboko itsasadarreko biologiak eta landareek bizi duten susperraldiaz gozatzen jarraitzeko.

Modalitate honetan, arrainak harrapatu eta askatu egiten dira, albait arinen eta ahalik eta kontu handienaz uretara itzuliz.

Ekimenaren antolatzaileek azaldu dutenez, jarduera 16 urtera arteko gazteei zuzenduta dago eta, ohikoa denez, Bilboko Erripa kaian egingo da, Areatzako zubiaren ondoan, 11:30etik 13:30era, igandero -Aste Santuko igandean izan ezik, igande horretan ez baita eskolarik izango-, maiatzaren 28ra arte.

Parte hartzaile guztiei aseguru bat egingo zaie, eta beharrezko baliabide teknikoak ere jarriko dira euren esku: arrantzako ekipo osoak (kanaberak, txirrikak, berunak, amuak), neurtzeko eta pisatzeko tresnak (metroak, baskulak, kuboak, balizatzeko zintak), ikasteko materiala (dianak eta doitasun eta jaurtiketa materialak), ordezko piezak eta abar. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak gogoratu du eremua egokitu egin dela ezintasun fisikoa duten pertsonek ere bertara joateko aukera izan dezaten.

Duela hamarkada bat arrantza eskola abian jartzea erronka handia izan zen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarentzat eta Bizkaiko Arrantza Federazioarentzat. Hala ere, proiektuaren emaitzak hasieran uste zena baino "askoz harrigarriagoak" izan dira. Horrela, 2016. urtean, 1.425 ikasle baino gehiago aritu ziren kirol arrantzan, gero eta harrapaketa gehiago egiten dira eta sailkatutako espezieak ere askotarikoak dira. "Horrek itsasadarraren osasun ona eta bere uren kalitatea herritarren gozamenerako berreskuratzen ari garela erakusten du", azaldu dute.