BILBO. Bilboko Udalak 562.300 euro banatu ditu 2016. urtean hirian kirola sustatzeko, Bilbao Kirolak erakundearen bidez, eta diru laguntzen onuradunak 134 erakunde, programa eta ekimen izan dira. 2015. urtearekin alderatuta, arlo honetako aurrekontua %2,7 eta onartutako diru laguntzen kopurua %18 igo dira, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Diru laguntzok 2016ko aurrekontuetan sartuta eta bost lerrotan banatuta daude. Laguntza hauekin Bilboko Udalaren helburua da hirian kirolaren praktika bultzatzea, hainbat modalitatetako klubei, eskolei, elkarteei eta kirolariei laguntzea, kirola emakumeen artean bultzatzea, dibertsitate funtzionala duten pertsonen integrazioa bultzatzea, kirol egokituaren bidez, eta hirian kirol ekitaldiak antolatzea.

Diru laguntzen lehen lerroa kirol klub, elkarte eta erakundeentzako laguntzak dira, eta 2016an 42 diru laguntza eman dira kirol erakundeek gizarte eta federazio zeregina betetzeko eta joan etorriak egiteko, guztira 169.720 euro banatuz. 13-19 urte bitarteko kirolariak dituzten Bilboko klub eta elkartzeentzat da diru laguntza, zenbait kirol modalitateko eskola arteko ligetan eta liga federatuetan jokatzen badute.

Lerro honek kirol diziplina guztiak hartzen ditu, eta berezitasunak jasotzen dira gutxiengoan dauden kiroletarako eta joan-etorrietarako. Lerro honetako laguntzak 15 kirol modalitatetan banatu dira, eta onuradunen %54 hiriko futbol klubak eta %11,55 saskibaloikoak dira. Halere, beste kirol batzuetarako ere eman dira laguntzak: eskubaloia, gimnasia, tenisa, igeriketa, patinajea, errugbia, taekwondoa, atletismoa, triatloia, borroka, hockeya, esgrima eta gimnasia erritmikoa.

Diru laguntzen bigarren lerroari dagokionez, Bilboko Udalak 13.000 euro eman ditu guztiok parte hartzeko moduko kirol bat egiteko, eta jarduera osasungarriak, olgetakoak eta jarraikakoak garatzeko; guztira, onuradunak 20 ekimen izan dira. Lerro honen barruko programen artean aipatzekoak dira espetxeetan dauden presoen artean, baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen artean, pertsona nagusien artean eta gazteen artean kirola sustatzeko egin diren programak.

Hirugarren lerroa da Bilbon kirol ekitaldi puntualak edota ondorioak bertan dituzten kirol ekitaldiak egiteko diru laguntzak. Kirola bultzatzen eta hiria sustatzen duten 42 jarduera egin dira, eta 60.000 euro jaso dute.

EMAKUMEAK

Halaber, Bilboko Udalak 80.000 euro erabili ditu laugarren lerrorako diru laguntzetan, hau da, emakumezkoen kirola sustatzen duten eta emakumeek kirol esparru guztietan parte har dezaten sustatzen duten kirol programak gauzatzeko. 25 programa izan dira eta lau diru laguntza mota eman dira: 13 urtetik gorako emakumezkoek osatutako taldeak dituzten klubei (35.000 euro), zuzendaritza osoa emakumezkoek osatuta duten hiru klubi, zuzendaritzaren erdia baino gehiago dutenei, eta Bilbon neskato eta emakumezkoen kirola bultzatzea helburu duten programei eta Bilbon emakumezkoen kirola sustatzeko egin diren programei.

Gainera, Bilboko Udalak 20.000 euroko aurrekontu saila izan du kirol egokitua bultzatzeko. Aniztasun funtzionala duten pertsonez osaturiko ekipo eta klubetarako, aniztasun funtzionala duten banakako kirolarientzat, eta kirol egokitua balioan jarri eta ikusgarritasuna ematen dioten programa eta kirol ekitaldietarako dira laguntzok. Atal honetan 2016an kirol egokituan lehiatzen diren zazpi kirolarik jaso dute diru laguntza; iaz bakarra izan zen.

Azkenik, 2016. urtean Bilboko Udalak 219.580 euro banatu ditu bilbotarren artean kirola eta kultura fisikoa sustatzeko batetik, eta gutxiengoen kirolak bultzatzeko bestetik.